Ekainaren 7an egingo da aurtengo Zumaiako boxeo jaialdia

Juan Luis Romatet 2025eko maiatzaren 18a

Zumaiako klubeko kideak, ringean. (Zumaia Cuban Boxing)

Amateur mailako zazpi borrokaldiz osatuko da jaialdia, eta Zumaia Cuban Boxing klubeko bost boxeolari igoko dira ringera. Sarrerak datorren ostegunetik aurrera izango dira salgai Lubaki kiroldegian.

Beste urte batez, Zumaia Cuban Boxing klubak boxeo jaialdia antolatu du herrian. Ekainaren 7an egingo dute, Aitzuri frontoian, eta zazpi borrokaldiz osatuko da. Klubeko bost boxeolari igoko dira ringera, eta lehendabizikoz Zumaiako emakume batek borrokaldia izango du.

Elite mailako lau boxeolari arituko dira Zumaiako boxeo zaletuen aurrean: Mady Diame 63,5 kiloan, Iñaki Lope Arano zumaiarra 68 kiloan, Xuban Aburuza 67 kiloan, eta Jesus Magnevy 61 kiloan; Xare Duran zumaiarra, bere aldetik, junior kategorian arituko da, 53,5 kiloan.

Jaialdirako sarrerak datorren ostegunetik, hilaren 22tik egongo dira salgai Lubaki kiroldegian.

Ringa entrenatzeko

Zumaia Cuban Boxingeko kideek azpiegitura berria dute Sagarbideko gimnasioan, entrenatu ahal izateko. Klubeko buruek eskerrak eman nahi dizkiete ring hori izatea posible egin duten guztiei.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide