Trainerillen Euskadiko Txapelketa irabazi du Telmo Deunek

Onintza Lete Arrieta 2025eko maiatzaren 18a

Telmo Deuneko arraunlariak, gaur Ondarroan. (Telmo Deun)

Tolosaldeari hemezortzi segundoko aldea aterata nagusitu dira Zumaiako neskak gaur Ondarroan jokatu den estropadan. Kike Manterola entrenatzailea gustura dago egindako denboraldiarekin, eta orain buru-belarri traineru denboraldiari ekingo diotela azpimarratu du.

Telmo Deuneko neskek estropada bikaina egin dute gaur Ondarroan (Bizkaia) trainerilletan, eta Euskadiko Txapelketa bereganatu dute. Sei talde lehiatu dira, eta Zumaia-Deltecok tarte handiarekin eskuratu du garaipena, hemezortzi segundoko aldea atera baitio bigarren izan den Tolosaldeari. 15:50,29 denbora egin dute Telmo Deunekoek, eta 16:09,08, berriz, Tolosaldeak.

Kadete neskak, bere aldetik, bigarren izan dira. Zumaiako jubenil mailako bi arraunlari ere Ondarroarekin aritu dira, haiek ontzia osatzen ez zutelako, baita Euskadiko txapelketa irabazi ere.

Kike Manterolak Gukari aitortu dio "uste baino errazago" nagusitu direla, eta estropada ona egin duela taldeak. "Hasieratik hartu dugu konfiantza, eta estropada erdirako irabazita geneukala esan dezakegu". Gaurko emaitza ez da kasualitatea izan, ordea, trainerilletan txapelketa guztiak irabazi dituztelako. Horregatik, "oso gustura"  dago Manterola.

Arraunlariak ere pozarren zeudela esan du entrenatzaileak, gehienek aurreneko aldiz irabazi dutelako trainerilletan Euskadiko Txapelketa. "Egia esan, ez da erraza irabaztea. Aurten ondo prestatuta gaude, asmatu egin dugu, eta horri probetxua ateratzea lortu dugu. Beraz, oso gustura gaude", azaldu du.

Trainerilla denboraldia gaurko norgehiagokarekin amaitu da, eta orain, traineruari ekingo diote buru-belarri, hamabost egun inguru gelditzen baitira konpetitzen hasteko.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide