Easo Basketek irabazi du 3x3ko Gipuzkoako saskibaloi txapelketa

Juan Luis Romatet 2025eko maiatzaren 19a

Gurrutxaga plazan muntatu zituzten saskibaloiko kantxak. (Juan Luis Romatet)

Atzo jokatu zuten Eusebio Gurrutxaga plazan U17 kategoriako Gipuzkoako 3x3 saskibaloi txapelketa. Donostiako klubak gizonetan zein emakumeetan irabazi zuen.

Saskibaloiaz gozatzeko aukera izan zen atzo egun osoan zehar Zumaian. U17 kategoriako (17 urtez azpikoak) Gipuzkoako 3x3 saskibaloi txapelketa jokatu zuten kostaldeko herrian. Eusebio Gurrutxaga plazan muntatu zituzten saskibaloiko jokalekuak, eta han aritu ziren txapelketarako izena eman zuten hamazazpi taldeak: bederatzi gizonetan eta zortzi emakumetan. 

Gizonen txanda izan zen goizez. Behin lehen fasea jokatuta, eguerdi partean jokatu zituzten sailkapeneko postuak erabakitzeko partidak. Finalean, Easo Basket klub donostiarra 16-7 emaitzarekin irabazi zion Iraurgi Saskibaloia talde azpeitiarrari. Hirugarren eta laugarren postuak erabakitzeko partidan, Mondragon Unibertsitateak 19-10 irabazi zion Goierriri.

Arratsaldean, 16:00etan, ekin zioten emakumeen txapelketari. Finalean, Easo Ibaeta Basketa eta Ordizia neurtu ziren. Partida estuan, donostiarrak nagusitu zitzaien goierritarrei, 13-11 emaitzarekin. Hirugarren eta laugarren postuak erabakitzeko lehian, Iraurgi Saskibaloiak 17-10 emaitzarekin irabazi zion Easo Basket Oriamendi taldeari.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide