Asobal ligara itzuliko da Ander Torriko, EON Alicante taldearekin

Juan Luis Romatet 2025eko maiatzaren 19a

Ander Torriko, erdian eserita, igoera ospatzen taldekideekin.(@asobal)

Herrialde Katalanetako taldeak lehen postuan bukatu du zilarrezko liga, eta lehen mailara igotzeko txartela eskuratu du. 

Iazko denboraldi amaieran egindako apustuak fruituak eman dio Ander Torriko jokalari zumaiarrari. Lesio luze batetik osatu eta gero, eta nahiz eta maila oso ona ematen ari zen, Anaitasuna Iruñeko eskubaloi klubak jokalariari kontratua ez luzatzea erabaki zuen. Horren aurrean, atzerapauso bezala ikus zitekeena eman zuen Torrikok, EON Alicante klubarekin sinatu zuelako. Espainiako eskubaloiko bigarren mailan zebilen Herrialde Katalanetako kluba, eta Asobal ligara igotzea zuen helburu. Horretarako, Torriko fitxatu zuen Alacanteko taldeak. 

Apustua ondo atera zaie bai Torrikori, baita klubari berari ere. Izan ere, Espainiako lehen mailara itzuli da Alacanteko taldea, hiru hamarkada baino gehiago goren mailatik urrun egon eta gero. 

Pasa berri den asteburuan jokatu dute zilarrezko ohorezko mailako azken partida. Igoerako borrokan aurkari zuzena zuen Burgos taldearen aurka jokatu behar zuen EONek, Burgosen, gainera. Partida berdintzearekin igoko ziren; gol bakarrarekin galduta ere bai. Baina Fernando Latorrek zuzendutako taldeak ez zuen sorpresarik izan nahi, eta 32-35 emaitzarekin irabazi zuen partida, era horretan sailkapeneko lehen postuan amaituz eta igoera erdietsiz. Torrikok lau gol sartu zituen azken partida horretan. 

Burgoseko kantxa bertan eman zien Espainiako Eskubaloi Federazioko presidenteak ligako irabazleen garaikurra. Bertan ospatu zuten igoera.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide