Zesta punta modalitateko Gipuzkoako Herriarteko txapelketako bigarren jardunaldia jokatu zuten pasa den asteburuan Hondarribian, Jostaldi pilotalekuan. Etxeko taldea, Hondarribia, eta bisitari izan zuen Zumaia neurtu ziren kadete, jubenil eta nagusien kategorian. Astebete lehenago, txapelketako lehen jardunaldian, Mutrikuk 1-2 emaitzarekin irabazi zion Zumaiari, Aitzuri pilotalekuan. Oraingoan, zumaiarrak atera ziren irabazle, ondo kostatuta izan bazen ere.
Lehen partidan, kadete mailan, Watkins eta Silveti 21-30 emaitzarekin gailendu zitzaien Hondarribiko Bereau eta Emazabeli. Jubenil mailan, aldiz, etxekoak nagusitu ziren, Barbero eta Enparan, Enbil eta Goñi zumaiarren aurka, 30-14 emaitzarekin. Jardunaldiko irabazlea nor izango zen erabakiko zen partidan, Agirre eta Uranga zumaiarrek azken tantora arte borrokatu behar izan zuten partida irabazteko Hondarribiko Basterra eta Kanpandegiren aurka. 29-30 emaitzarekin irabazi zuten zumaiarrek partida, eta 1-2 emaitzarekin jardunaldia.
Datorren asteburuko jardunaldian Zumaiak atsedena izango du, eta Mutriku eta Hondarribia neurtuko dira Miruaitz pilotalekuan.