Villa de Aranda taldean jokatuko du datorren denboraldian Asier Iribarrek, Bidasoak utzita

Juan Luis Romatet 2025eko maiatzaren 22a

Asier Iribar, Bidasoa Irunekin jokatzen. (Arrate Morales)

Bidasoa Irun taldearekin beste bi urtetarako luzatu du kontratua zumaiarrak, baina datorren denboraldian Burgoseko klubarekin arituko, talde irundarrak utzita. 

Asier Iribar eskubaloi jokalari zumaiarra Aranda de Dueroko (Espainia) Villa de Aranda taldean arituko da datorren denboraldian. Bidasoa Irun klubeko jokalaria da Iribar, eta beste bi urtetarako kontratua sinatu du, 2028ra arte, hain zuzen. Hala ere, Aranda hiriko taldearen kamiseta jantziko du 2025-2026 denboraldian, klub irundarrak utzita. 

Klubez aldatuko badu ere, Espainiako lehen mailan jarraituko du Iribarrek, Asobal ligako partaide baita Villa de Aranda kluba. Egun, eta aurtengo denboraldia amaitzeko bi jardunaldiren faltan, bederatzigarren dira Gaztela eta Leongoak. Jokalari bezala haztea eta Asobal ligan minutuak pilatzea egongo litzateke erabaki horren atzean. 

22 urte besterik ez ditu Asier Iribarrek, baina dagoeneko bost urte daramatza Bidasoarekin eskubaloiko lehen mailan. Orain arte, 54 partida jokatu ditu Bidasoa taldearekin Liga Plenitude Asobal txapelketan, eta 64 gol sartu ditu.

Julen Aginagalde Bidasoako presidenteak azaldu duenez, "oso konten gaude. Bertako jokalaria, Zumaiakoa. Badakigu Bidasoaren etorkizunerako jokalari garrantzitsua izango dela, hori da gure buruan daukaguna, baina horretarako hurrengo urtean, urte batez egongo da beste talde batean. Alde hortatik oso konten gaude, joan aurretik berriketa hau egin duelako eta espero dugu hurrengo urtean, minutu gehiago izatea, jokalari hobea etortzea eta berarekin kontatu ahal izatea”. 2026/2027 denboraldian Bidasoako lehen taldean berriz sartzea aurreikusten da.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide