Trafikoan eragina izango du larunbatean jokatuko duten Getariako Triatloiak

Juan Luis Romatet 2025ko mai. 21a, 13:29

Getariako Triatloiaren artxiboko irudia.

Kostako errepidea eta Zumaia eta Meaga arteko bidea itxita egongo dira noranzko bazuetan larunbat arratsalde uneko batzuetan Getarian jokatuko duten triatloiagatik. 

Esprint modalitateko Getariako IX. Triatloia jokatuko dute larunbat arratsaldean, 16:00etan hasita. Kirol jarduera horrek eragina izango du, ez Getarian bakarrik, baita inguruko herrietan ere, txirrindularitza proba eskualdeko bide eta herri batzuetatik igaroko delako. 

Hala, N-634 errepidea itxi egingo dute Getaria eta Zumaia artean, 16:00etatik 17:45era bitartean, bi noranzkoetan. 17:45etik aurrera, errepidea irekita egongo da, baina arretaz gidatzea eskatu dute. 

Meaga eta Zumaia arteko GI-2633 errepidea ere itxi egingo dute larunbat arratsaldean, 16:15etik 17:30era bitartean. 

Zarautz eta Zumaia artean AP-8 autobidea erabiltzea gomendatu dute, Getarian trafiko pilaketak ekiditeko. 

Triatloia jokatzeak eragina izango du Lurraldebusen autobos zerbitzuetan ere, probak iraungo duen denboran ez delako autobus zerbitzurik izango. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide