Erretratua

Elena Antunez: "Burua ez doa gorputzetik aparte, oreka topatzea da gakoa"

Aitziber Arzallus 2025ko mai. 24a, 16:00

Ilustrazioa: Ainhoa Caporossi | La veceria.

Hogarreko bigarren solairuan dagoen ile apaindegian, herriko pentsiodunak ditu bezero Elena Antunezek. Bi hamarkada baino gehiagoan, gertuko harremana egin du haietako askorekin, eta baita bakoitza nola tratatu behar duen ikasi ere. Esker oneko bezeroak dituela dio, erraz konformatzen direnak. Bera, ordea, oso exijentea da bere buruarekin; azken ilea bere lekuan egon arte ez du bukatutzat ematen bere lana.     

Apirileko Zumaia Guka aldizkariko erreportajea da honakoa.

Elena Antunezek (Zumaia, 1969) 22 urte bete berri ditu Hogarreko ile apaindegiaren arduradun. Badira urte batzuk, baina beregatik balitz, dagoen tokian jarraituko luke erretiroa hartzeko garaia iritsi arte; beste hamarkada batez, gutxi gorabehera. Pozik eta gogotsu joaten da goizero lanera, gustuko baitu bere ogibidea, eta lantokirako bidean badu ohitura bat: "Eguneko agenda errepasatuz etortzen naiz zein bezero izango ditudan jakiteko, eta haiekin azkena izandako hizketaldiak gogora ekartzen saiatzen naiz: bat alabarekin erosketak egitera joatekoa zela, bestea semea Madrildik etorri zain zegoela... Bezero asko sarri-sarri etortzen dira, astero edo bi astean behin, eta oso gertuko tratua dut haiekin. Badakit zeini gustatzen zaion berriketan jardutea, eta badakit zeinek duen nahiago gustuko aldizkariaren azken zenbakia irakurtzea. Beraz, bakoitzari berea ematen saiatzen naiz, eta denok gustura". 

Herriko adinekoen erreferentziazko gunea da Hogarra, eta Antunezek hango bigarren solairuan du ile apaindegia. Ez pentsa, ordea, haren bezero guztiak adinekoak direnik. "Gehienak hala dira, jubilatuak eta erretiratuak, baina hau pentsiodunentzat zerbitzua da, eta pentsiodunak izan daitezke alargunak edota istripuren bat izan dutenak ere, ez derrigorrez zaharrak". 

Hogarreko ile apaindegia udal zerbitzua da berez, eta lau bat urtean behin udalak lehiaketa bidez esleitzen du haren kudeaketa, eraikin berean eskaintzen dituzten podologia eta taberna-jatetxe zerbitzuak bezala. "Geroz eta zailagoa dago kontua. Pentsa liteke hemen horrenbeste urtean jarduteak zerbaitetarako balio beharko lukeela, baina segun eta zein dagoen gobernuan, irizpideak ere aldatu egiten dira. Batzuetan antzinatasuna balioetsi izan dute, baina azkenengo honetan ezta hori ere", gaitzetsi du. "Ni ile apaintzailea naiz, ez aholkularia, eta orain, gainera, dena Internetez egin beharra dagoen horrekin...". 

Hala ere, kexatzeko moduan ez dagoela dio, beti nahi izan duena egiteko aukera duelako. "Garai batean oso ohikoa zen neska gazteek ile apaintzaile ikasketak egitea, baina nirea ez zen izan moda kontua; gazte-gaztetatik oso garbi neukan ile apaintzailea izan nahi nuela". Halaxe, 17 urte zituela joan zen Donostiako akademia batera ofizioa ikastera, eta urtebeteko ikastaro intentsibo bat eginda eskuratu zuen aurreneko titulua. 

Berehala sortu zitzaion lanerako lehen aukera, kasualitatez gaur egun aritzen den toki berean. "Garai hartan nire lagun baten izeba arduratzen zen ile apaindegi honetaz. Istripu bat izan eta hanka hautsi zuen hark, eta giltzak eman eta hurrengo egunean bertan hasteko esan zidan. Ausarta izan, eta halaxe etorri nintzen, bakar-bakarrik". Orduko hartan, baina, egun batzuk besterik ez zituen egin Hogarreko ile apaindegian, lagunaren izeba sendatu arte.  

Hurrengo dozena bat urteetan herriko beste ile apaindegi batzuetan jardun zuen lanean. "Hasieran, asteburuetan lan egiteko hartu ninduten ile apaindegi batean; eta gero, hamar bat urtez aritu nintzen beste batean". Han ari zela jakin zuen Hogarreko ile apaindegiaren ardura zuen neskak negozioa lagatzeko asmoa zuela, eta udaletxera joan zen informazio eske. "Aukera tentagarria iruditu zitzaidan, baina banekien hemen lan askorik ere ez zegoela, eta zalantzak nituen. Badaezpada ere Zarautzen pentsiodunei zerbitzua ematen zien ile apaindegira joan nintzen negozioaren nondik norakoez galdezka. Han animatu egin ninduten, emakume bizia ikusten nindutela, ausarta, eta iruditzen zitzaiela aurrera ateratzeko kapaz izango nintzela. Azkenean aurkeztu egin nintzen, eta gaur arte".

Hasiera haietatik, beste arlo gehienak bezalaxe, ile apainketarena ere etenik gabe aldatuz joan dela adierazi du Antunezek, eta batez ere, erabiltzen dituzten produktuak aldatu direla. "Lehengo tratamenduak askoz erasokorragoak ziren oraingoak baino". Gainontzean, arropekin gertatzen den moduan, joerak bueltan etortzen direla esan du. "Mozkerak eta, bueltan-bueltan, berriz etortzen dira. Rapatuak, marrak, koloretako ile luzapenak... Badirudi oraingo joerak direla, baina gazteak ginenean horiek guztiak eramaten genituen guk, baita gauza ausartagoak ere". 

Bere bezeroak ere atzean ez direla gelditzen esan du. "Gehienak adinekoak dira, batzuk klasikoak, baina ausart askoak ere bai zenbait". Beraz, edozein lan egiteko prest egon behar izaten du. "Era guztietako mozketak, koloregabetzeak, margoketak, permanenteak... denetarik egin behar izaten dut, eta ilea erortzea saihesteko tratamendu asko ere bai". Bezeroak ahalik eta ondoen aholkatzen saiatzen da. "Arropak gorputza apaintzen duen bezala, ileak aurpegia apaintzen du, baina ez hori bakarrik; burua ez doa gorputzetik aparte, dena da osotasun bat, izaera barne, eta oreka topatzea da gakoa. Ile apaintzaile on batek gaitasun hori behar du". 

Denetariko eskaerak egin izan dizkiotela ziurtatu du, eta eskatutakoa bezeroari ondo geldituko ez zaiola iruditu zaionean, saiatu izan dela hura ideiaz aldarazten. "Gezur txikiren bat edo beste ere esan izan diet noizbait, koloreren bat ez neukala eta horrelakoak. Izan ere, bezeroen nahiak betetzeko nago, baina ez nago edozer egiteko prest. Adibidez, pertsonalki, kolore berdea zatarra iruditzen zait bururako, eta nik inori ez diot ilea berdez margotuko; morea edo fuksia politak gera litezke ile txuri baten gainean, baina berdea ez". 

Oro har, bezero eskertuak dituela iritzi dio Antunezek, erraz konformatzen direnak. "Neu, ordea, oso exijentea naiz nire buruarekin, eta azken ilea bere lekuan ikusi arte ez dut nire lana bukatutzat ematen". Horrela amaitu ohi du eguna, neka-neka eginda. "Zortzi ordu zutik egotea gogorra egiten da, batzuetan postura nahiko desegokietan gainera, adinak ez baitu barkatzen". Bere lanaren parterik zailena horixe dela aitortu du: "Bezero askok adin handia dute, eta haien gainbehera ikustea gogorra egiten da, batez ere, burua huts egiten hasten zaienean. Egun batean ohartzen zara bati gauzak ahazten hasi zaizkiola, eta urtebetean agian ez daki ez nola izena dudan, ez non eseri behar duen... Horrelako asko ikustea tokatu zait". Dena dela, ile apaintzaile izateak politetik gehiago duela baieztatu du, eta bizimodua ateratzeko ez ezik, pertsona gisa hazteko ere balio izan diola. "Hemen ikasi dut neure arazoak atearen bestaldean utzi eta arreta besteengan jartzen, hemen ikasi dut jendearekin tratatzen, eta horrek asko aberastu nau".

Elena Antunez

Adina: 56 urte.
Ikasketak: ile apaintzaile titulua.
Lanbidea: ile apaintzailea.
Ile apaintzailea ez banintz... jostuna izango nintzateke.
Lanetik ateratzean gogoko dut... lagunekin egotea ardo bat hartuz.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide