Askotariko kultur ekintzak, herria kantuz janzteko

Ian Ruiz Lizaso 2025eko maiatzaren 24a

Kantu bat gara egitasmoaren azken emanaldiaren atariko, hainbat kultur eta aisialdi ekintza egin dituzte egunean zehar herriko hainbat txokotan. Arratsaldean jarraituko dute Zumaia harri eta herri kontzertuaren harira antolatutako ekintzek.

Egun berezia da gaur Zumaian. Askotariko ekintzak izango dira eguerditik gauera bitarte, Kantu bat gara egitasmoaren azken emanaldiaren atariko. Herria kantuz girotzea xede, hainbat izan dira goizean kaleak girotu dituzten ekintzak. Esaterako, Zumaiako Trikitixa eskolako trikitilariak herrian zehar ibili dira bazterrak alaitzen. 12:30ean kofradiako balkoitik kantaldi akustiko jarraitua eskaini dute herriko hainbat artistek, txandaka. Horiek haien abestien zuzenekoak eskaini dituzte. Era berean, serigrafia tailerraz gozatzeko aukera ere izan da. 

Arratsaldean jarraituko dute ekintzek. 17:00etan Porrotx eta Txapasen etorrera izango da, Gernika parketik, eta adierazpen askatasunaren txokoan (Erribera kalean) emanaldia Zumaiako haurrentzat. Ondoren, 18:30ean hasita, herri osoan zehar Zumaiako dultzaineroak, Bilbo Kantari eta Lagunak taldea eta Azpeitiko Kantu Jira kantuzale taldea ariko dira.

18:30ean sardina jana egingo dute Kofradiako plazan, nahi duen orori zuzenduta, eta hitzordu bereziena gauean iritsiko da, eguzki-sartzearen unean. 21:00etan hasiko da Jon Maiaren Zumaia harri eta herri kontzertua Itzurun hondartzan.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide