Ezin asteburu hobeagoa izan da pasatakoa Maite Urteaga txirrindulari zumaiarrarentzako. Eulen-Nuuk taldeko ziklistak Gipuzkoako Itzulia irabazi du, baita Gipuzkoako txapelketa ere, elite eta 23 urtez azpikoen kategorian.
Hiru etapaz osatu da aurtengo Gipuzkoako Itzulia. Lehenengoa, Urnietan hasi eta amaitutako 1,8 kilometroko erlojuaren aurkako etapa laburra izan zen, eta ostiralean jokatu zuten. Bertan, 11. egin zuen Urteagak, irabazlearekiko 3,91 segundora.
Larunbatean jokatu zuten bigarren etapa, Ordizian hasi eta bukatu zena. Guztira, 59,2 kilometro egin behar izan zituzten ziklistek. Zapatukoa, Gipuzkoako txapelketa ere bazen, eta gogo bereziarekin ekin zioten lurraldeko txirrindulariek. Maite Urteagak erasoa jo zuen, eta 23 segundoko aldearekin heldu zen helmuga puntura lehen postuan, modu horretara Gipuzkoako Txapelketa irabaziz.
Hirugarren etapa zen Itzuliko luzeena, 88,9 kilometrorekin. Elgoibarren hasi eta bukatu zen, eta zumaiarrak aurkariek egindako erasoei eutsi zien. Hirugarren egin zuen Urteagak etapa horretan, irabazlearekiko zazpi segundora, eta Itzuliko sailkapen orokorrean bigarren eta hirugarren egin duten Claudia Sanchez (Tenerife-Bike Point) eta Alba Codonyren (Baix Ter) denbora berean.
Hiru etapetako denborak batuta, Maite Urteaga izan da lehena, 3:55:25 denborarekin, Claudia Sanchez izan da bigarren, zumaiarrarekiko 19 segundora, eta Alba Codony hirugarren, 22 segundora.