Zilarrezko domina lortu dute Zumaiako kadete neskek Espainiako trainerilla txapelketan

Juan Luis Romatet 2025eko maiatzaren 26a

Zumaiako neska kadeteak, Espainiako trainerilla txapelketan lortutako dominekin. (Utzitakoa)

Galizian jokatu dute Espainiako trainerilla txapelketa pasa den asteburuan, eta Telmo Deun arraun elkarteko kadete neskek bigarren egin dute. Emakume seniorrak ez dira joan, traineruan zentratzea erabaki dute eta.

Trainerilla denboraldi bikaina gauzatu du Telmo Deun arraun elkarteak. Zumaiako klubeko emakume seniorrek Gipuzkoako liga eta txapelketa, eta Euskadiko txapelketa irabazi dute. Pasa berri den asteburuan A Coruñako (Galizia) A Pobra do Caramiñal herrian jokatu duten Espainiako txapelketan parte hartzeari uko egin diete, ordea, traineru denboraldian zentratu nahi dutelako. 

Galiziara joan direnak Telmo Deuneko kadete neskak izan dira, eta pozik egoteko emaitzarekin itzuli dira, zilarrezko dominarekin, hain zuzen. Larunbatean finalera sailkatzea lortu eta gero, atzo eguerdian jokatu zuten Zumaiakoek A finala. Bigarren izan ziren, txapelketa irabazi duen Tolosaldearekiko zortzi segundora. 

Gizonak, Mutrikun

Mutrikuko Bandera izan zen jokoan larunbat goizean. Ekainean hasiko den traineru ligara begira klubak zer egoeratan aurkitzen diren estropada baliagarria izan zen Mutrikun jokatutakoa. Lehian izan ziren ontzien artean, Zumaiako gizonen trainerua izan zen. Hamasei ontzi aritu ziren, eta horien artean hamargarren izan zen Telmo Deun, irabazle izan zen Donostiarrarekiko 53 segundora. Garrantzitsuagoa dena, TKE ligan aritu direnen artean Zarautzek bakarrik egin zuen denbora hobea.

Traineruekin jarraituta, datorren igandean, hilaren 1ean, Gipuzkoako traineru txapelketa jokatuko dute Orion, goizeko 10:30etik aurrera. Zumaiak hiru ontzirekin hartu du parte: emakumeetan, gizonetan eta beteranoetan.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide