Ikasturte honetan ere askotariko tailer, ikastaro eta ekitaldien aterpe izan da Emakumeon Etxea. Podcastgintzan, biodantzan, skatean nahiz bitxigintzan trebatzeko saioak eskaini dituzte azken hilabeteotan, eta hainbat elkargune ere bai, mendira txangoak elkarrekin egiteko, xakean aritzeko edota palan jokatzeko. Elkarrekin ikasi, piztu eta eraikitako guztia elkarrekin ospatzeko, IV. Raixta Eguna ospatuko dute larunbatean, Emakumeon Etxearen bueltan.
Goiz partean emakume sortzaileen erakustazoka izango da Martxoaren 8a plazan. Beren lanak bertatik bertara ikusteaz gain, bitxiak, kakorratzez eginiko panpinak edota margoak erosteko aukera izango dute azokara gerturatzen direnek. Eguerdira bitarte, xaboia egiteko saioa eta xilografia tailerra ere izango dira –horietan parte hartzeko, info@zumaiakoemakumeonetxea.eus helbidera idatzi beharko da aurrez–, eta tatuaje txikiak nahiz piercingak egiteko aukera ere izango da. Piercingak egiteko, Libe Etxaniz piercerrari (@lei_piercing) idatzi beharko zaio aurrez Instagramez; tatuajeren bat egiteko, Irene Hernandezi (@la_elfa_tattoo).
Oholtza txikian, saioak
Oholtza txikian, gainera, zenbait emanaldi izango dira goiz partea girotzeko: Adarbakarra poesia emanaldia, bertso saioa eta Ainhoa Urteagaren musika emanaldia, esaterako.
Aurtengoan ez da bazkaririk izango, baina eguerdian errazioak eskainiko dituzte Emakumeon Etxean, arratsaldeko egitarauari ekin aurretik. Behin indarrak hartuta, bazkalostean, musean nahiz xakean arituko dira, eta jai giroa herrigunera eramango dute gero: batukadaren laguntzaz, poteoa egingo dute tabernaz taberna, eta gero, 19:30etik aurrera, Kofradian Esther Sound Sisterren erritmora jarraituko dute festan.