Euskal selekzioa bere historiako hitzordu garrantzitsuenetako baten atarian dago. Datorren igandean hasi, eta hurrengo ostiralera bitartean, Euskal Pilotako Nazioen Liga jokatuko dute Gernika-Lumon (Bizkaia), Nazioarteko Euskal Pilota Federazioak antolatutako txapelketa. Nazioarteko Federazioak Euskadikoa eskubide osoko kide bezala onartu zuenetik antolatutako lehen txapelketa izango da, eta, beraz, euskal selekzioak ofizialki jokatuko duen lehen txapelketa izango da. Gainera, non eta etxean jokatuko du estreinako txapelketa ofiziala, Gernika-Lumon, hain zuzen.
Hitzordu garrantzitsu horretan, zumaiarren presentzia ere izango da, zesta punta modalitatean, hain zuzen. Izan ere, Ander Bilbao puntista ohiak zortzi puntista deitu ditu zesta puntako selekzioa osatzeko, launa gizonetan eta emakumeetan. Gizonetan Imanol Lopez atzelaria arituko da, Aritz Erkiaga, Eñaut Urreisti eta Unai Lekerikabeaskoarekin batera. Emakumeen selekzioa Helena Barrenetxea, Elaia Gogenola, Maialen Aldazabal eta Maia Goikoetxeak osatuko dute.
Bilbaoren esanetan, selekzio indartsua eratu dute, eta helburua irabaztea dela ere iragarri zuen atzo egindako aurkezpenean. Aurkari nagusia Espainiako selekzioa izango dutela ere azaldu zuen.
Cosme Agirre Espainiako selekzioarekin
Espainiako selekzioak ere talde indartsua kantxaratuko dute Nazioen Ligan. Zazpi euskal jokalari arituko dira txapelketa horretan Espainiako selekzioarekin, eta horien artean izango da Cosme Agirre aurrelari zumaiarra.