Euskararen Plan Estrategikoa eta beste hainbat gai, maiatzeko ohiko plenoan

Maria Maya Manterola 2025eko maiatzaren 28a

Euskara planeko lan mahaia. (Zumaiako AEK)

Euskaraldia amaitu berritan onartuko dute euskararen arloan egin beharrekoak biltzen dituen plana. 2024an abiatu zuten prozesua, eta lanketa guztiaren emaitza da plana, udalak iragarri duenez.

Bihar izango da maiatzeko ohiko osoko bilkura. Zenbait aztergai izango dira, eta horien artean da 2024-2034 Euskararen Plan Estrategikoa. Euskaraldia amaitu berritan onartuko dute datozen urteotan euskararen arloan egin beharrekoak biltzen dituen plana.

2024ko udazkenean abiatu zuen prozesua udalak, AEKren Ahize hizkuntza aholkularitza kooperatibaren laguntzarekin. AROA marko estrategikoaren barruan kokatutako prozesua izan da, eta lanketa guztiaren emaitza izango da plana, udalaren hitzetan.

Iragarri dutenez, Zumaiako hizkuntza politika zehazten du, ikuspegi estrategiko eta komunitario batetik. Euskararen erabilera sustatzea da asmoa, arlo guztietan, eta baita herritarren arteko elkarlana eta kontzientziazioa indartzea ere. 

Bestelako gaiak ere aztertuko dituzte bilkuran, hala nola, kreditu aldaketak eta 2026ko lan egutegia. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide