'Zumaia harri eta herri' kontzertuko parte hartzaileei eskerrak eman dizkie udalak

Juan Luis Romatet 2025eko maiatzaren 29a

Pasa den larunbateko emanaldiko une bat. (Gaizka PeƱafiel)

Kantu bat gara zikloaren amaierako kontzertua eman zuen Jon Maiak pasa den larunbatean Itzurun hondartzan. Zumaiako Udalaren esanetan, "herriarentzako opari kolektiboa, auzolanaren emaitza, eta herri honen izaera sortzailea eta parte-hartzailearen erakusgarri".

Modu ezin ikusgarriagoan eman zion amaiera Jon Maiak duela lau urte abiatutako Kantu bat gara zikloari. Egun osoko egitarauari amaiera emanaz, emanaldi jendetsua prestatu zuen Itzurun hondartzan. Horren harira, Zumaia harri eta herri kontzertuan parte hartu zuten sortzaile guztiei eskerrak eman dizkie Zumaiako Udalak. 

Hala dio udalak eskerrak emateko igorritako oharrean: 

"Eskerrik asko, Jon, inplikazioagatik eta Zumaiarekin duzun harremana hain modu ederrean erakusteagatik. Esker bereziak baita herriko elkarte eta talde guztiei, ikuskizunean egindako ekarpenagatik. Baita Distirako lagunei, une gogoangarri hori iruditan jasotzeagatik eta ekitaldi kolektiboaren oroimena gordetzen laguntzeagatik.

Eskerrik asko baita udaleko langile guztiei (kultur arlokoak, udal brigadako langileak, udaltzainak...) antolaketa lanetan fin aritzeagatik, eta egunean bertan hainbeste inplikatzeagatik.

Eta esker beroak baita herriko elkarte eta talde guztiei, haien ekarpen handiagatik. Beste behin ere fin agertu da herriko elkartegintza.

Azkenik, herritarrei ere eskerrak: guztion artean Itzurun hondartza bete eta ingurunea hain ondo zaintzeagatik. Ekitaldi honen antolaketan praktikan jarritako auzolanak balio diezagula aurrerantzean ere. Eskerrik asko guztioi!"

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide