Derio eta Alegria, Zumaiakoren aurkariak Euskal Ligara igotzeko play offean

Juan Luis Romatet 2025eko maiatzaren 29a

Zumaiakoren Ohorezko Erregional taldeko jokalariak. (Maria Lopez)

Euskal Ligara igotzeko play offari ekingo dio Ohorezko mailako emakumeen Zumaiakok. Bizkaiko Derio eta Arabako Alegria izango ditu aurkari. Etzi, larunbatez, Bizkaiko taldearen aurka jokatuko du etxean.

Liga bigarren postuan amaitu ondoren, emakumezkoen Ohorezko Erregional mailako Zumaiakok Euskal Ligara igotzeko play offa jokatuko du datorren asteburutik aurrera. Igoerako fase horretan Bizkaiko eta Arabako talde bana izango dituzte aurkari zumaiarrek: Bizkaiko Derio eta Arabako Alegria. 

Etzi, larunbatez, jokatuko du Zumaiakok play offeko lehen partida. Behin zozketa egin ondoren, lehen partida etxean jokatzea tokatu zaie gorriei, eta Derio izango dute aurkari. Partida 17:00etan izango da, eta zaletuei dei egin die Zumaiakok arratsalde horretan taldea animatzera joateko. 

Zapatuko norgehiagokako galtzaileak Alegriaren aurka jokatuko du ekainaren 7ko asteburuan. Zumaiakok Derioren aurkako partida irabaziko balu, ekainaren 14ko asteburuan Alegriaren aurka jokatuko lukete, arabarren etxean.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide