Intza Martin: "Entzutea baino gogokoagoa dut musika jotzea"

Juan Luis Romatet 2025eko maiatzaren 31

Argazkia: Juan Luis Romatet.

Zumaiako Musika Bandako eta Hamarru elektrotxarangako kidea da Intza Martin (Zumaia, 2003). Musika Pedagogia ikasketak egiten ari da gaur egun Donostian (Gipuzkoa), Musikene Euskal Herriko goi mailako musika ikastegian. 

Maiatzeko Zumaia Guka aldizkariko elkarrizketa da honakoa.

Zuen aitak musika bandan jotzen du eta osabak Zumai txarangan. Nola hasi zinen zu musika munduan?

Jendea normalean hasten dena baino bi urte beranduago hasi nintzen, 9 urterekin; ez nintzen lehenago hasi oso lotsatia nintzelako. Erabaki nuen instrumentu bat jotzen ikasi nahi nuela. Pianoa gogoko nuen, baina etxean gurasoekin hitz eginda, trikitixa eta tronpetaren artean dudetan egon nintzen. Aitak esan zidan kalean jotzeko moduko instrumentu bat aukeratzeko, horrek aukera gehiago emango zizkidala eta. Ni baino bi urte gazteagoa den lehengusuak tronpeta ikasi nahi zuela esan zuen, eta nik ere instrumentu bera aukeratu nuen.

Aitak kalean jotzera bideratu zintuen, beraz.

Bai, berak asko jo izan du kalean. Instrumentu horrek, tronpetak, aukera ematen dizu bandan, txarangan edo kalean jotzeko. Hori bai, gero pianoarekin hasi nintzen, 11 urterekin. Banuen arantza hori barruan.

Zer instrumentu jotzen duzu orain?

Biak, tronpeta eta pianoa. Tronpeta ikasteko [Donostiako] Musika Kontserbatorioan sartu nintzen 13 urterekin, eta ikasketak amaituta ditut. Pianoa gehiago ikasi dut nire kabuz. Musikenen tronpeta ez dut ikasi; bai, ordea, pianoa eta kantua. Hala, biekin segi dut.

Musikan berandu sartu zinen, baina hara bideratu duzu zure bizitza. 

Bai, gustatu egin zitzaidan, ikusi nuen ondo moldatzen nintzela, eta jarraitu egin nuen. Garai batetik aurrera nahiko garbi nuen musikara bideratu nahi nuela nire bizitza. Txikitatik argi nuen irakasle izan nahi nuela. Gero, musikan hasi nintzenean, Musika Magisteritza ikasteko asmoa izan nuen, baina Kontserbatorioko irakasleak informatu ninduen Musika Pedagogia ematen zutela Musikenen. Hor garbi izan nuen hura zela nire bidea. Aurten bukatuko ditut ikasketak. Irakaskuntza gustuko dut, musika ere bai, beraz nahasketa perfektua izan da.

Musikeneko etapa amaituta, ikasketekin jarraituko duzu edo lan munduan sartuko zara?

Lanean hasi nahi nuek, baina baita ikasketekin jarraitu ere. Oraindik ez dut ziur, baina seguruenez Kultur Kudeaketa ikasketak egingo ditut. Musikan ere jarraitu nahiko nuke, baina gehiago nire kabuz.  

Musika taldeetan ere jotzen duzu.

Bai, Zumaiako Musika Bandan 2015ean sartu nintzen, duela hamar urte, txikia nintzela. Lagun talde bat sartu ginen denok batera, eta hor jarraitzen dugu. Gero, txarangan ere ibili nintzen, baina hura utzi egin nuen. Akaleia proiektuan ere aritzen naiz orain, teklista bezala.

Hamarru eletrotxarangako sortzaileetakoa ere bazara. Espero al zenuen taldeak izandako erantzun ona?

Ez dakit espero nuen, baina egia da azken urteetan elektrotxarangen eskaera handia dagoela; Hamarru sortu eta berehala ohartu ginen horretazz.

Jendetza mugitzen duzue, ezta?

Bai, eta oso atsegina da hori guretzako. Taldea sortzeko orduan asmatu egin genuen. Jendeari, baita guri ere, gustatzen zaizkigun kantak jotzen ditugu, giroa sortzen dugu, eta hori ikusteak gogobetetu egiten gaitu.

Ikasketak, taldeak… Egunak ematen al dizu denera iristeko?

Bai, baina musikak denbora asko kentzen dit. Denera heltzen naiz, baina nire egunerokoan entsegu asko izaten ditut, jotzera joan behar asko, ikasteko asko… Denbora asko eskatzen dute. Hainbeste proiektutan egoteak gogaitu ere egin zaitzake, baina, nire ustetan, merezi du.

Etxean musikarik entzuten al duzu?

Etxean ez hainbeste, baina autobusean noanean edo zerbait egiten ari naizenean, bai, entzuten dut. Hala ere, agian gehiago gustatzen zait musika jotzea entzutea baino.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide