Miguel Caverok irabazi du Udaberriko argazki rallya

Juan Luis Romatet 2025eko maiatzaren 30a

Udaberriko argazki rallyko saridunak eta antolatzaileak. (Juan Luis Romatet)

Aurtengo rallyko parte hartzeak duela bi urte egindakoarekin alderatuta gora egin duela goraipatu zuten antolatzaileek, atzo arratsaldez Oxford aretoan egindako sari banaketa ekitaldian. 

Atzo arratsaldez banatu zituzten maiatzaren 11n egindako Udaberriko argazki rallyko sariak. Oxford aretoan bildu ziren sarituak eta parte hartzaile batzuk, eta behin lehiaketara aurkeztutako lanak erakutsi eta gero, eman zituzten sariak.

Julia Vazquez, Ibai Artetxe eta Elena Marquezek osatu dute lehiaketako epai mahaia, eta herenegun bildu ziren lanak aztertu eta saridunen izenak erabakitzeko. Epaimahaikideen arabera, Miguel Caveroren bilduma izan da aurtengo onena, 16 urtetik gorakoen kategorian. Maila berean, bigarren saria Adiel Zabalak jaso du, Arbil Iciar Manterolak hirugarrena, eta Gorka Alberdik zumaiar onenarena. 16 urtetik beherakoei dagokionez, lehen saria Kaira Sainz-Mazarentzako izan da, bigarrena Hegoa Gallegorentzako eta hirugarrena Nara Merino Roarentzako.

Denek ere honako gaien inguruan atera behar izan zituzten argazkiak: hosto berdeak, malekoitik, marrazkiak hondarretan, eskailerak eta pintura lehiaketa. Izan ere, argazki rallya egin zuten egun berean kaleko pintura lehiaketa egin zuten herrian.

Parte hartzeak gora

Sariak banatu aurretik, lehiaketako antolatzaile izan den Distira Argazki Elkarteko presidente Eva Francok goraipatu zuen parte hartzeen igoera nabarmena izan zela duela bi urte egindako rallyarekin alderatuta. "Orduan 23 lagunek hartu zuten parte eta aurten, berriz, 44 parte hartzaile izan ditugu. Horrek asko pozten gaitu!", esan zuen.

Parte hartzaile guztien artean, 39 lagun 16 urtetik gorakoak izan ziren. Horietako hamahiru zumaiarrak, eta hamahiru, baita ere, emakumeak. Gaztetxoen artean, berriz, bost parte hartzaile izan ziren, eta horietatik hiru zumaiarrak izan ziren, eta neskak, berriz, hiru.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide