Europako Geoparkeen Astea ospatu dute azken egunotan kontinenteko sarea osatzen duten geoparkeetan. Ohi bezala, Euskal Kostaldeko Geoparkeak ere bat egin du ekimenarekin, eta ekitaldi sorta prestatu du. Pasa den ostiralean abiatu zuten egitaraua, eta etzi, igandean, emango diote amaiera Mutrikun egingo duten Biotop txangoarekin.
Oraingo honetan, Mutrikuko Artzainerreka bailarako landaretza ezagutzeko aukera izango dute parte hartzaileek. Aranzadiko eta Geoparkeko adituek emango dute txango botaniko horretako azalpenak. Taldea goizeko 10:00etan abiatuko da Mutrikuko Mijoa industrialdetik.
Ekintzan parte hartzeko ez da ordaindu beharrik izango, baina aurrez izena eman beharko dute, Mutrikuko Turismo Bulegora deituta (943-60 33 78) edo, online, honako loturan: labur.eus/biotop2025.