Euskal Herriko zenbait herritan egindako jaialditan parte hartu dute Zumaiako Musika eta Dantza Eskolako euskal dantzetako ikasleek. Hala, martxoaren amaieran Lesakan (Nafarroa) izan ziren, eta maiatzean bi hitzordu izan dituzte, Errenterian eta Beasainen, hain zuzen ere.
Oraingoan, ordez, zumaiarrek hartuko dituzte beste herrietako dantzariak gonbidatu gisa. Izan ere, bihar Dantzari Txiki Eguna egingo dute Zumaian, eta Errenteriako Herri Arte Eskola-Ereintza eta Getariako Gure Txeruko dantzariak arituko dira herrian dantzan, Musika eta Dantza Eskolako euskal dantzetako ikasleekin batera.
Goizeko 11:00etan ekingo diote bihar dantza saioei. Ondartxo plazan elkartuko dira, eta Getariako eta Errenteriako dantzariak Itzurun hondartzara joango dira; Zumaiakoak, berriz, Ardantzabidera. Amaiako plazan bat egingo dute, eta 12:15ean kalejiran joango dira Erribera kalean zehar Eusebio Gurrutxaga plazara heldu arten. Han, 12:45ean, ekitaldi nagusia egingo dute. Eguraldi txarra egingo balu, Sagarbideko estaldean egingo dute ikuskizuna.
Arratsaldean, bazkaldu eta gero, dantzaldia izango dute Modestorekin, Eusebio Gurrutxaga plazan, 16:00etan.