Basadiko prozesutik ateratako ondorioak plazaratu dituzte

Juan Luis Romatet 2025ko mai. 30a, 16:31

Zumaiako Basadi auzoan egindako prozesutik ateratako ondorioak ezagutzera eman zituzten atzo arratsaldez Zumaiako Osasun Zentroaren aurrean egindako ekitaldian. Auzoko bizilagunen eta bertan lan egin dutenen hitzak ere entzuteko aukera ere izan zen. 

Zumaiako Mugimendu Feministak, Zumaiako Emakumeon Etxeak eta Malen Etxea emakume etorkinen elkarteak iaz Basadi auzoan abiatu zuten prozesua komunitarioaren amaierako ekitaldia egin zuten atzo arratsaldez Zumaiako Osasun Zentro aurrean. Prozesuaren nondik norakoak, aurrekariak eta ondorioak ezagutzera eman zituzten bertan. Auzoan bizi diren edo lan egin duten emakumeen hitzak ere entzun ziren, eta ekitaldiarekin amaitzeko, Beatriz Egizabal klownaren saioa eta mokadua izan zuten bertaratu zirenek.

Zaintzaren inguruan egindako hausnarketak eraman zituzten hiru elkarteko kideak aipatu prozesua abian jartzera. Basadiko prozesua 2024an abiatu bazuten ere, bi urte lehenago, 2022an, eman zituzten lehen pausoak, "Zumaia zaintzen duen herriaren hausnarketarekin". Atzoko ekitaldian gogoratu zutenez, urte hartan eragile desberdinen arteko bilerak egin zituzten zaintzaren inguruan eztabaidatzeko. 

Urtebete beranduago, 2023an, Greba feministak zaintza erdigunera eman zuela ere eman zuten aditzera. Harekin batera, bideoz jasotako esperimentu bat egin zutela ere gogoratu zuten. "Ondorioztatu zen zaintzak emakume aurpegia duela, eta prekarietatea nagusi dela". 

Teorian ikasitako hori guztia praktikan jarri asmoz, 2024an ekin zioten denborarekin Basadiko prozesua bihurtuko zenari. "Herriko auzo desberdinen artean Basadi aukeratu genuen Zumaiako erdigunea delako, eta pasoko auzoa baino, bertan 730 lagun bizi direlako", azaldu zuten. "50 bat urte ditu auzoak, eta pentsatu genuen bizilagunak oso gazteak ez zirela izango. Horrez gain, ekipamendu publikorik ez du, eta jakin nahi genuen horrek zer ondorio sortuko zituen. Baita, tokiko merkataritza indartsua duen auzoa da", nabarmendu zuten. Malen Etxea elkarteak bere egoitza Basadin izateak ere izan zuen garrantzia auzo hau aukeratzeko orduan. 

Prozesua eta ondorioak

Prozesuarekin hasteko, Basadiko bizilagunei zuzendutako galdetegi bat prestatu zuten. Etxe guztietan banatu zituzten, baita auzoko komertzio eta tabernetan ere. Haren bidez, "diagnostiko objektibo" bat lortu nahi zutela adierazi zuten ekitaldian. Ondoren, hiru saio prestatu zituzten, auzotarren beharrak jasotzeko, haiek hasebetetzeko zer egin beharko zen jakiteko, "eta nolako Basadi nahiko genuen irudikatzeko".

Hori guztia Nolakoa litzateke zaintza erdigunean duen Basadi? izeneko aldizkarian jaso dute. Argitalpen hori ekitaldian bertan banatu zuten eta etorkizun hurbil batean www.zumaiakoemakumeonetxea.eus webgunean eskuratu ahal izango dela ere iragarri zuten.

Egndako lanketari esker ateratako lau ondorio nagusien berri ere eman zuten ekitaldian. Lehena, bakardadea dela esan zuten. Izan ere, 91 lagun bakarrik bizi dira Basadin, eta horietatik 62 emakumeak dira. Gehienak, gainera, 70 urtetik gorakoak direla ere esan zuten. 

Bigarren ondorioa, auzoan lan egiten duten emakume etorkinek pairatzen duten "prekarietatea" izan da. Basadi "salbuespen ba ez dela", eta emakume horiek esplotazio egoerak jasan behar izaten dituztela adierazi zuten ekitaldiko une batean. 

Auzoan ekipamendu publikoen eskasia dutela ere ondorioztatu dute prozesu horretan zehar. "Auzotarrek ez dute elkartzeko lekurik, eta horrek isolamendura eramaten dituzte", nabarmendu zuten. 

Auzoak bere alde positiboak dituela ere azpimarratu zuten. Izan ere, auzotarren iritziz lasaia da Basadi, eta horrek elkar zaintzeko erraztasuna ematen die. Horrez gain, Arroaerrekaren ibaiertzeko pasealekuak sozializatzeko gune egokia dela ere adierazi zuten.

"Lana bai, baina bizi ere bai"

Ekitaldiaren amaieran, Basadiko bizilagun batzuei eta auzoan lan egindako emakume bati eman zioten hitza. Azken honen bizipenak izan ziren gogorrenak. Dagoeneko Basadin lan egiten ez duen arren, bere momentuan zaintza lanetan aritu zen auzoan, eta lan horietan aritzen direnek "esplotazio egoerak" pairatzen dituztela gogoratu zuen, batez ere, interna lanetan aritzen direnek. "Esklabizatuta geunden", esan zuen bere hitzarteko une batean. "Galdetzen ziguten ea zertara etorri ginen. Eta bai, lanera etorri gara, baina bizi ere nahi dugu. Azkenean, besteek egin nahi ez dituzten lanak egiten ditugu". Zentzu horretan interna lanekin amaitu behar dela ere esan zuen.

"Beste langileek dituzten lanaldiak izan nahi ditugu guk ere", jarraitu zuen, "jai egunekin, oporrekin, aparteko ordainsariekin... Azkenean, aldaketa bat behar dugu, erakusten dugun maitasunarekin lanean jarraitzeko".

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide