Otezuri adinekoen zentroko langileek elkarretaratze bana egin zuten atzo arratsaldez herrian. Lehenbizi, 18:00etan, Otezuri zentro parean kontzentratu ziren, eta haren amaieran Saregile plazara eraman zuten protesta ekintza. Adinekoen egoitzetan lan egiten duten langileen baldintzak hobetzea eskatu dute ekintza horien bidez.
Beharginek azaldu dutenez, 2024. urte amaierarekin batera iraungi zen ordura arte indarrean zegoen hitzarmena, eta 2025arekin batera negoziazio mahai berria eratu bazuten ere, hark fruiturik eman ez dituela salatu dute.
Negoziazioa "blokeatuta" dagoela salatzeko, sei greba egun deitu ditu ELA sindikatuak. Gipuzkoako adinekoen egoitzetan lan egiten duten 5.000 langileri eragiten die, eta prekarietatearekin amaitzea aldarrikatuko dute egun horietan, ekainaren 11, 12 eta 13an, eta uztailaren 9, 10 eta 11n.