Zumaiako Kirol Elkarteak antolatutako San Pedro zesta punta txapelketa jokatuko dute gaur hasi eta San Pedro egunera bitartean. Kimu, infantil eta kadete mailan jokatuko dute txapelketa, eta Herriartekoaren formatu bera izango du: jardunaldi bakoitzean partida gehien irabazten duenarentzako izango da eguneko garaipena.
Sei elkarte arituko dira lehian, bi multzotan banatuta: Zumaia, Bermeo eta Tolosa A taldean, eta Hondarribia, Noain eta Mutriku B multzoan. Gaur, ekainaren 8an eta 15ean ligaxkako partidak jokatuko dituzte, ekainaren 22an finalerdiak eta hilaren 29an, San Pedro egunean, finalak. Partida guztiak igandetan izango dira Aitzuri frontoian, 16:00etan hasita.
Gaurko jardunaldian, Mutriku eta Noain arituko dira lehenbizi, eta Zumaia eta Bermeo jarraian.