Aurrerapauso handia eman du Zumaiakok maila igoerako lehian

Juan Luis Romatet 2025ko eka. 1a, 12:00

Zumaiakoren ohorezko erregional mailako jokalariak, garaipena lortu ostean. (Maria Lopez)

7 eta 0 emaitzarekin irabazi zioten Zumaiakoko emakumeek Deriori Euskal Ligara igotzeko play offeko lehen partidan. Arratsaldea borobiltzeko, Ohorezko Kadete mailara igotzea lortu dute Zumaiakoko mutil kadeteek. 

Ezin emaitza hobeagoa lortu zuten atzo Zumaiako erregional mailako emakumeek Euskal Ligara igotzeko play offeko lehen partidan. Derio klub bizkaitarra eta Alegria arabarra izango dituzte aurkari igoera lortzeko borrokan, eta atzokoan Derioren aurka jokatu zuten Aita Mari futbol zelaian jokatutako partidan. 

Talde gorriko inork esperoko ez zuen nagusitasunarekin gailendu zitzaien atzo gipuzkoarrak bizkaitarrei, 7-0 emaitzarekin irabazi ziolako Zumaiakok Deriori.

Datorren asteburuan jokatuko dute play offeko bigarren jardunaldia, Derion, eta etxeko taldeak Alegreia hartuko du bere futbol zelaian. Zumaiakok hurrengo asteburura arte zain egon beharko du jakiteko ea mailaz igoko den. Orduan, Alegriaren aurka jokatuko du, arabarren zelaian.

Kadete mutilak gora

Arratsaldea ezin hobeto hasi zen Zumaiako Futbol Taldearentzako. Izan ere, Gorengoen mailako kadete mutilek Ohorezko kadete mailara igotzea lortu zuten. Beti Ona taldea zuten atzo aurkari igoera lortzeko lehian. Joaneko partidan 0-4 emaitzarekin irabazi zuten zumaiarrek, eta bueltakoan 1-2 galdu bazuten ere, bi partidetak emaitzak kontutan hartuta, 5-2 emaitzarekin irabazi du Zumaiakok eta, ondorioz, datorren urtean Ohorezko kadete mailan arituko da.

Kadete mailako Zumaiakoren taldea, pozik igoera lortu eta gero. (Maria Lopez)

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide