Une gozoak ari da bizitzen Frida Watkins puntista zumaiarra. Duela hilabete inguru Zumaian bertan jokatutako Mastersa irabazi zuen, eta herenegun Bilboko Deportivo frontoi historikoan jokatutako Iron Cup txapelketa gehitu dio bere palmaresari. Emaitza horiei guztiei esker, emakumeen rankingeko buruan jarri da atzelari zumaiarra.
Elaia Gogenolarekin osatu du bikotea Watkinsek Bilboko Iron Cup txapelketan. Ostiral arratsaldean jokatutako finalean, Ihart Arakistain eta Maialen Aldazabal izan zituzten aurkari, eta azken hauentzako izan zen lehen jokoa (11-15). Bigarren jokoa, berriz, Gogenolarentzako eta Watkinsentzako izan zen, 15-11 emaitzarekin. Beraz, joko laburrean erabakiko zen zer bikotek eramango zuen Bilboko garaipena. Bost tantotara jokatutako jokoan Berriatukoak eta zumaiarrak ez zuten aurkaririk izan, eta 5-0 emaitzarekin irabazi zuten.
Bilbon lortutako puntuei esker, Jai Alai Ligako emakumeen sailkapeneko buruan jarri da Frida Watkins, 3.920 punturekin; bigarren da Ihart Arakistain, 3.680 punturekin, eta hirugarren Elaia Gogenola, 3.520 punturekin.
Liga bukatzeko hiru hitzordu geratzen zaie emakumeei: Mutriku, Biarritz eta Donostian jokatuko duten azken laukoa.