Emaitzek ez diote lagundu Zumaiari Gipuzkoako traineru txapelketan

Juan Luis Romatet 2025ko eka. 1a, 15:46

Zumaia-Delteco estropada eremura bidean. (Intza Trula)

Orion jokatu dute gaur goizean Gipuzkoako traineru txapelketak. Jokoan zeuden hiru banderetan lehiatu da Zumaia, baina emaitzek ez dute gaurkoan lagundu. 

Udaberritik hona traineru jaitsiera eta estropada batzuk jokatu dituzte, baina gaur goizean Orion jokatu den Gipuzkoako traineru txapelketa izan da egutegiko lehen hitzordu ofiziala. Beteranoetan, eta emakume eta gizon seniorretan jokatu dute txapelketa, eta hiruretan izan da Zumaiako ordezkaritza. 

Goizeko lehen arraunketa saioa beteranoena izan da. Lau ontzi abiatu dira banderaren bila, tartean Zumaiako beteranoena, baina gaur lehen postuetatik urrun izan dira zumaiarrak. Laugarren egin dute, 10:40,95 denborarekin, irabazle Fortunarekiko minutu erdira. 

Gizon seniorren bandera izan da ondoren jokoan. Zumaiako Telmo Deun bigarren txandan aritu da, San Juan eta San Pedrorekin batera. Hirurak ere KAE 1 ligan arituko dira hastear den denboraldian. San Juan nagusi izan da hasieratik eta txanda erraz irabazi du, bigarren egin duen San Pedro eta Zumaiaren aurretik. Zumaia gaurkoan bederatzigarren izan da, lehen txandan aritu diren Zarautzek eta Lapurdik ere denbora hobeagoak lortu dituztelako. 

Emakumeen estropadek eman diote amaiera gaur jokatutako txapelketari. Zumaia-Delteco bigarren txandan aritu da, Hibaika eta Hondarribiarekin, eta biek ere denbora hobea egin dute Saregileak traineruak baino. Zazpigarren egin dute gaurko estropadan Zumaiakoek, 11:25,32 denborarekin. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide