Eguraldi goibelari euskal dantzen aurpegi ona

Juan Luis Romatet

Errenteriako, Getariako eta Zumaia bertako dantzariek hartu dute parte gaur Zumaian egindako Dantzari Txiki egunean. Ekitaldi nagusia Herri Eskolako aterpera lekualdatu dute goizean zehar egindako zirimiriagatik. 

Lesakan, Errenterian eta Beasainen gonbidatu gisa dantzatu eta gero, gaur Zumaiarik tokatu zaio Dantzari Txiki eguna antolatzea. Zumaiako Musika eta Dantza Eskolako euskal dantzetako ikasleek hartu dute parte, baita, gonbidatu bezala, Getariako Gure Txeruko eta Errenteriako Herri Arte Eskola-Ereintzako haurrek ere. 

Mimoz antolatutako ekitaldiak, baina, eguraldi goibelarekin egin du topo. Goizeko lehen orduetatik zirimiria izan da herrian, eta horrek eguneko ekitaldi nagusia lekualdatzera eraman ditu antolatzaileak: Eusebio Gurrutxaga plazan egin beharreko ekitaldia Herri Eskolako aterpean egin dute azkenean. Hara gerturako dira dantzari txikiak, herriko leku desberdinetan geldialdiak egin eta gero. 

Denak batera aritu dira dantzan, aurreskutik hasi eta kalejira egin bitartean. Bazkalondoren, jaialdi txikia izan dute Modestorekin, hori bai, Eusebio Gurrutxaga plazan. 

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide