Herriarteko txapelketako laugarren jardunaldian nagusitu zaio Zumaia Mutrikuri

Juan Luis Romatet 2025ko eka. 3a, 08:00

Mutrikuko Miruaitz frontoia. (Lea-Artibait eta Mutrikuko Hitza)

1 eta 2 emaitzarekin irabazi zion Zumaiak Mutriku pasa den asteburuan jokatutako jardunaldian. Datorren igandean Hondarribia hartuko du Zumaiak Aitzurin.

Herriarteko pilota txapelketaren barruan, zesta punta modalitateko laugarren jardunaldia jokatu dute pasa den asteburuan Mutrikun, Miruaitz frontoian. Etxeko kluba, Mutriku, eta Zumaia neurtu ziren. Txapelketako lehen jardunaldian Mutrikuko 1 eta 2 emaitzarekin irabazi zuen Zumaian, eta garaipena lortzeko asmoarekin joan ziren zumaiarrak Mutrikura.

Baita lortu ere, 1 eta 2 emaitzarekin nagusitu zelako Zumaia txapelketako laugarren jardunaldian. Lehen partidan, kadete mailan, 17 eta 30 irabazi zuten Watkinsek eta Silvetik Agirregomezkorta eta Beristainen aurka. Bigarren norgehiagokan, jubenil mailakoan, Garcia eta Lete mutrikuarrek aise irabazi zieten Enbil eta Goñi zumaiarrei, 30 eta 5 emaitzarekin. Azken partidan erabakiko zen zer klubek eramango zuen garaipena eta etxera. Nagusien partidan, Agirre eta Uranga nagusi izan ziren Andonegi eta Arrillagaren aurka, 13 eta 30 emaitzarekin irabaziz partida.

Datorren igandean, goizeko 10:00etan hasita, Herriarteko txapelketako bosgarren jardunaldia jokatuko dute Zumaian, Aitzuri frontoian. Zumaia eta Hondarribia neurtuko dira bertan.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide