Gaztegunea udan zabalduko dute 2013an jaiotako gazteentzako

Juan Luis Romatet 2025ko eka. 4a, 11:00

Erabiltzaileak, Zumaiako Gaztegunean.

Ekainean eta uztailean asteazkenetan zabalduko dute Gernika parke alboko zerbitzua. Lehenengo hiru saioak arratsaldez izango dira, eta espazioa, funtzionamendua eta materiala ezagutzeko erabiliko dituzte.

2025-26 ikasturtetik aurrera, 2013. urtean jaiotako gazteek Gaztegunean parte hartzea izango dute. Aurretik, udan zehar, zerbitzua ezagutzeko aukera izango dute gazteek. Horretarako, ekaineko eta uztaileko asteazkenak haientzat gorde dituzte, lokala, zerbitzuaren nondik norakoak eta hezitzaileak bertatik bertara ezagutzeko.

Lehenengo hiru saioak –gaur, ekainak 4, ekainaren 11 eta ekainaren 18a– arratsaldez izango dira, 17:00etatik 20:00etara, espazioa, funtzionamendua eta materiala bertatik bertara ezagutzeko aukera izango dute, udalaren esanetan, "jolas librean eta inprobisazioan oinarrituta".

Ondorengo bost saioak goizez izango dira, 10:00etatik 14:00etara, eta askotariko jarduerak egingo dituzte. Hala, ekainaren 25ean slackline jolasa egingo dute, uztailaren 2an kanposantuzka, uztailaren 9an ur jolasak egingo dituzte, uztailaren 16an zapi jolasa eta azken egunean, uztailaren 23an, boleibolean arituko dira.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide