Etzi, larunbata, Bizikleta Eguna ospatuko dute Zumaian, eta egun osorako egitaraua prestatu dute antolatzaileek adin guztietako herritarrentzat, baina, bereziki, herriko ume eta gaztetxoentzat izango dira jarduerak. Udalak azaldu duenez, egitasmo horren helburuak dira "mugikortasun jasangarria sustatu, jarduera fisiko osasuntsua bultzatu eta aisialdi modu berriak ezagutaraztea".
Eusebio Gurrutxaga plaza izango da jarduera guztien kokalekua edo abiapuntua. Izan ere, bizikleta irteera, dirt zirkuitua eta txirrindulari proba prestatu dituzte, baita bazkaria eta hamaiketakoa ere partaideentzat.
Udalak zenbait ohar ere eman ditu: batetik, bizikleta irteerarako derrigorrezkoak izango dira kaskoa eta mendiko bizikleta, eta bestetik, arratsaldeko txirrindulari probak eragina edukiko du zirkulazioan; Axular ibiltoki inguruko zenbait kale erabat itxita egongo dira probak iraun bitartean, hau da, 16:00etatik 17:30era. Zehazki, honako kaleak itxiko dituzte: Axular ibiltokia; Bidabeazpia kalea; Bonbillobekoa kalea; Bidezarreta kalea; eta Jadarre auzunea. Dena den, 16:45etik 17:00etara bitartean zirkulazioa baimenduko dute tartez batez, bizilagunen autoen sartu-irtenak ahalbideratzeko.
Honakoa da Bizikleta Eguneko egitaraua:
- 09:30. 12 urtetik gorako gazteen eta helduen bizikleta irteera Elorriaga aldera.
- 19:00. 8 eta 11 urte bitarteko haurrentzako bizikleta irteera.
- 11:30. Ogitartekoa emango zaie parte hartzaile guztiei.
- 12:00. Dirt zirkuitua eta ginkana haur eta gazteentzat.
- 14:00. Bazkaria partaideentzat.
- 16:30. Txirrindulari proba alebinentzat eta infantilentzat.
- 17:30. Sari banaketa.