Teknika, taktika eta kolpeak hamasei sokaren artean

Juan Luis Romatet | Maialen Etxaniz 2025ko eka. 5a, 16:15

Boxeo jaialdia izango da etzi Aitzuri frontoian. Zumaiako klubeko bost boxeolari lehiatuko dira. Xare Duran gazteak estreinako borrokaldia izango du.

Asteroko legez, Zumaia Cuban Boxing klubeko boxeolariak Zumaiako Herri Eskolak Sagarbiden duen gimnasioan bildu dira, entrenamendu saioak egiteko. Astearte eta ostegunetan izaten dituzte saioak, iluntze partean, baina aste honetakoak bereziak izan dira, urteko hitzordu garrantzitsuenetako baten atarian direlako Zumaiako boxeo kluba osatzen duten familiako kideak. Izan ere, etzi, larunbatez, boxeo jaialdia izango dute, non eta Zumaian. 19:00etan hasiko da ekitaldia, eta sarrerak 15 euroan daude salgai Lubaki kiroldegian. Egunean bertan, 17:00etatik aurrera erosi ahal izango dira Aitzuri pilotalekuko leihatilan.

Zazpi borrokaldiz osatuko da boxeo gaua, eta horietatik bostetan Zumaiako klubeko boxeolariak arituko direla azaldu du klubeko buru eta entrenatzaile Ruben Arredondok. Batzuek dagoeneko esperientzia dute, aurretik ringera igo direlako. Dena den, Xare Duran gazte zumaiarrarentzako oso bestelakoa izango da hitzordua, estreinako borrokaldia izango duelako bere jaioterrikoa. Aurrez, baina, sparring lanak egin ditu Gasteizen. "Hasieran oso urduri egon nintzen, baina lehen rounda egin eta gero, urduritasunak joan zitzaizkidan eta dena ematen saiatu nintzen", dio zumaiar gazteak entrenamendu saioak utzitako tarte batean. 

10-11 urte zituela murgildu zen Duran boxeoaren munduan, "kirola praktikatzeko" asmoarekin. "Nire aita hasi zen lehenbizi, ikusi nuen zer zen kirola eta orduan hasi nintzen ni ere praktikatzen. Asko gustatu zitzaidan, eta gaur arte horretan nabil", gogoratu du.

Duranen iritziz, diziplina desberdinak lantzen dituen kirola da berak praktikatzen duena. "Emakume bakoitzak modu desberdinean hartzen du kirola. Batzuek boxeo indartsua praktikatzen dute, baina beste batzuek modu erabat desberdinean egiten dute kirola". Bere burua "asko mugitzen" den boxeolari gisa ikusten du. "Gero, erasoan ondo sartzen ditut kolpeak", dio.

Teknikak indarrak bezainbesteko garrantzia duela diote kirol horretan aritzen direnek. "Teknika funtsezkoa da, nire ustez. Gero landuko dituzu beste arloak; indarra edo saiheste lanak, esaterako".

Kirolean, eta bizitzan oro har, erreferenteak izatea garrantzitsua dela diote adituek. Duranek Cintia Sanchez du erreferenteetako bat. "Espainiako txapelketak irabazi ditu, oso gaztea da, eta asko gustatzen zait nola boxeatzen duen". Gizonetan, Canelo Alvarez boxeolari mexikarra du gustuko. 

Duranek jakin badaki Zumaiako borrokaldian familiartekoak eta lagunak izango dituela animatzen, eta borrokaldi "oso polita" izango delakoan da. "Aurkaria ezagutzen dut, Gasteizen sparring lanak egin nituelako berarekin. Errespetu handiarekin hartuko dut hitzordua, eta uste dut biok dena ematera aterako garela".

Hirugarrena, etxean

Bestalde, Iñaki Lope zumaiarra hirugarrengoz igoko da ringera, lehen aldiz herritarren aurrean. Eskolan sortu zitzaion boxeoan aritzeko gogoa. "WCL ligaz, Conor McGregor borrokalariaz-eta aritzen ginen. Egun batean probatu egin nuen, eta gustatu egin zitzaidan. Berez, ikasteko asmoarekin hasi nintzen, pixka bat defenditzeko asmoarekin. Baina gustatzen joan zitzaidan, eta gehiago nahi nuen".

Boxeoaren inguruan aurreiritzi asko daudela uste du hark. "Biolentoa izan daiteke, baina zuk erabakitzen duzu zer puntutaraino heldu nahi duzun. Hasieran, ikasten ari zarenean, ez da bortitza. Teknika ere ikasten duzu pixkanaka, eta praktikatzeko kirol ederra da", dio. Taktika eta teknika asko lantzen dituztela nabarmendu du. "Asko ikasi arren, beti egoten da zerbait berria ikasteko. Hau arte bat da". 

Gogoan izan ditu bere lehen urratsak, aurreneko borrokaldiak. "Lehenengoan azkar nekatu nintzen! Ondo joan zen, eta esperientzia polita izan zen. MMAn (Arte Martzial Mistoak ingelesez) debuta eginda nuen aurrez, eta banuen esperientzia borrokan". Biharko borrokaldiaren aurrean "ilusioa" duela dio: "Lan ona egiteko intentzioarekin igoko naiz ringera".

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide