Atzo amaitu zen zesta puntako Nazioen Liga, eta gizonezkoetan txapeldun izan da euskal selekzioa. Zumaiar batek jantzi du txapela: Imanol Lopezek, Aritz Erkiagarekin batera. Bi eta huts gailendu zen bikotea atzo Laduxe eta Basque frantziarren aurka, eta garaipenari esker, euskal selekzioa Munduko Txapelketarako sailkatu da.
Lehen setean lehia estua izan zen, eta amaierara arte ez zen argi nork poltsikoratuko zuen partidaren lehen zatia. Erkiagak eta Lopezek atsedenaldiaren ondoren lortu zuten aurkariak mendean hartzea, eta 15-13 gailendu ziren. Bigarren setean, erakustaldi ederra eman zuen Lopezek atzean, Erkiagaren laguntzarekin. Laduxek eta Basquek aurrea hartu zien partidaren une batean, baina azken tantoetan lortu zuten Lopezek eta Erkiagak bigarren seta ere irabaztea.