Giro ederrean ari dira ospatzen Bizikleta Eguna

Maria Maya Manterola 2025ko eka. 7a, 17:00

Adin guztietako zumaiarrentzako jarduerak izan dira egun osoan zehar Bizikleta Egunaren bueltan. Bizikleta irteera, dirt zirkuitua eta txirrindulari proba izan dira, baita alebin eta infantilentzako txirrindularitza proba ere.

Mugikortasun jasangarria sustatu, jarduera fisiko osasuntsua bultzatu eta aisialdi modu berriak ezagutarazteko helburuarekin, Bizikleta Eguna ari dira ospatzen Zumaian goizean goizetik. Lehenbizi, 9:30ak aldera, haur eta helduek irteera egin dute elkarrekin Elorriaga aldera bi gurpilen gainean, eta 8 eta 11 urte artekoek beranduxeago eman dute itzulia. 

Itzuleran ogitartekoak eta mokadutxoak eman dizkiete parte hartzaileei Eusebio Gurrutxaga plazan, eta haur eta gazteek dirt zirkuituaz nahiz ginkanaz gozatu ahal izan dute bertan. Bazkaritan indarrak hartu ondoren, alebin eta infantilek txirrindularitza proba jokatu dute. Amaitu berritan egingo dute sari banaketa. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide