Betidanik izan du Batirtze Letamendiak (Zumaia, 1983) itsasoarekiko interesa. "Txikitan aitak haitzetara eramaten gintuen anaia eta biok. Han olagarroak, lapak, izkirak... harrapatzen genituen, baita ipurdikoak hartu ere. Asko gustatzen zait itsaskiak jatea, eta uste hortik datorkidala itsasoko edo uretako izakiekin lan egiteko daukadan interesa", adierazi du Letamendiak.
Akuikulturak hainbat esparru barnebiltzen ditu, Letamendiaren arabera. Alde batetik, uretako izaki ororen (krustazeoak, moluskuak, makro zein mikro algak, arrainak, izaki ornamentalak...) hazkuntza eta hazkuntza hori aurrera eramateko beharrezkoak diren instalazioen diseinua. Bestetik, uren analisia, filtrazioak, arazketa, mantenua, teknologia, laborategia, patologia, akuariologia eta abar. Oso esparru zabala dela adierazi du Letamendiak: "Akuikultura ez dago giza kontsumora bakarrik bideratuta; kontserbazio akuikultura, birpopulaketak eta abar ere aztertzen dira horren barruan".
Akuikultura teknikari baten zeregina izakiak zaintzeko eta hazteko beharrezkoak diren lan guztiak egitea da, haren hitzetan. Besteak beste, izaki horiek hazteko instalazioak muntatu eta mantentzea, horietan biziko diren bizidunen urak aztertzea eta arazketak zein prozesu desberdinak gauzatzea nahiz izakien bizi zikloak aztertzea dira lan horietako batzuk. Azken batean, izaki bizidun horiek ahalik eta baldintza onenetan mantentzeko beharrezkoak diren lan guztiak egitea.
Letamendiak Biologia ikasketak egin zituen, eta akuikulturari lotutako masterra egin zuen gero Bartzelonan. Ikasketak bukatuta, Mutrikuko Kardala eskolan hasi zen lanean, eta han jarraitzen du, eskolak ematen. Kantauri kostaldean akuikultura zikloa eskaintzen duen eskola bakarra da.
Kardala lantokia
Joan zen irailean ospatu zuten Kardala ikastetxearen 20. urteurrena. 2004. urtean Mutrikuko Udalak, Mutriku BHIk eta Imanol Garate Maso eta Inaxio Manterola Manta irakasle zumaiarrek jarri zuten proiektu hori martxan. Hasiera batean, Mutriku BHI moduan hasi zen martxan, eta 2014tik Kardala eskola izenpean. Han egiten du lan Letamendiak, eta azaldu duenez, hainbat tokitatik joaten dira hara ikasleak, akuikultura zikloa ez dutelako leku askotan eskaintzen. "Batez ere Euskal Herriko ikasleak ditugu, baina Espainiako Estatuan lau ikastetxek soilik eskaintzen dute ziklo hori, eta Kantauri itsasertzean Kardalak bakarrik. Horregatik, Errioxako, Madrilgo, Herrialde Katalanetako, Andaluziako nahiz Aragoiko ikasleak ere izaten ditugu gurean", azaldu du.
Kardalan, ikasgelez gain, ur gazidun zein ur gezadun hazkuntza guneak, laborategiak edota tailerrak dituzte. Gainera, 2024an Mutrikuko portuan bate bat jartzea lortu zutela esan du. "Ur azalean kokaturik dagoen plataforma flotagarria da batea, eta egitura ezberdinak zintzilikatzen dira handik ur azpira; sokak, saskiak... Izaki desberdinak egon daitezkeenez, horiek aztertzeko eta hazteko erabiltzen da batea". Irakasleak zehaztu duenez, akuikultura zikloko eskolak, batez ere, praktikoak izaten dira: "Eginez ikastea da gure helburua. Horregatik, ikasleek oinarri teoriko batzuk barneratzen dituztenean, ikasitako guztia praktikan jartzea izaten da helburua".
Bestalde, ikasleentzat zein irakasleentzat Eramus gisako programa bat martxan dutela ere azaldu du. "Programa horrek aukera ematen du irakasleek gaitegia eguneratuta edukitzeko eta ikasleek gehien gustatzen zaien herrialdean esperientzia berri batez gozatzeko". Gainera, EHUrekin elkarlanean Akura eta Espainiako Hezkuntza Ministerioarekin Alburejo proiektuak martxan dituztela ere zehaztu du. Bi proiektu horien bitartez, mugilidoen (lazune) ugalketa ari dira aztertzen, aukera handiak eskaintzen dituen maila trofiko baxuko espezie orojalea baita. Akuikultura teknikak erabiliz, mehatxatuta dauden espezieen (bertako ibai karramarroa, ezkailua, itsas trikua, izkira...) zikloak itxi eta horien populazioa sendotzeko ekimenak ere martxan dituztela adierazi du Letamendiak, gainera.
Kardala eskolak tokiko enpresekin "harreman sendoa" duela zehaztu du zumaiarrak, eta horiekin elkarlanean aritzen direla adierazi. "Akuikulturan erreferenteak gara. Enpresek ikerketak edota frogak egin nahi baldin badituzte, gugana jotzen dute, instalazioak eta jakinduria guk baiditugu. Guretzat oso interesgarria da hori, egiten diren frogetan parte hartzen dutelako ikasleek". Horrez gain, ikasle bakoitzak duen interesaren araberako praktikak egiteko aukera eskaintzen dute, bai eskolan bertan, baita enpresetan ere.
Akuikultura jasangarria
Martxan jarriko dute laster akuikultura zikloa eskaintzen duten Mutrikuko Kardala ikastetxearen eraberritze proiektua. Hain garrantzitsua den sektore horrek baliabide multzo handiak behar ditu, eta Eusko Jaurlaritzak horregatik onartu du eskola eraberritzea. Zentzu horretan, gustura da Letamendia.
Etorkizunera begira, akuikultura jasangarria egitea posible dela erakutsi nahi dutela azaldu du irakasleak; maila trofiko baxua den lekuan tokiko espezieak hazteko animalien ongizateaz arduratzen den akuikultura egin daitekeela erakutsi nahi dute. Eta bide batez, baita sektorea indartu ere. "Hala ere, gure helburu nagusiena ikasleei formakuntza egokia eskaintzea da. Goi-mailako akuikulturan adituak izango diren ikasleak formatu nahi ditugu, eta ondoren egingo dituzten lanak egiteko gai direla sentiarazi".
Badituzte beste erronka batzuk ere: ikasleei erosotasun handiagoa eskaintzeko, Mutrikuko portuan beste gela bat jarri nahi dutela aitortu du Kardalako irakasleak. "Etxola bat jarri nahi dugu, materiala lekuz mugitzen ibili beharrean han bertan batearekin lan egiteko oso baliagarria izango litzatekeela uste dugulako".
Batirtze Letamendia
- Adina: 42 urte.
- Ikasketak: Biologia ikasketak eta akuikultura masterra.
- Lanbidea: akuikultura eskolako irakaslea.
- Irakaslea ez banintz... ez dut nire burua beste inon irudikatzen.
- Lanetik ateratzean gogoko dut... oinez ibiltzea gustatzen zait. Etxean baratze txiki bat dut, eta bertan ditudan landareak mantentzen nahikoa denbora pasatzen dut.