Asteartean elkartuko da Irakurri matte irakurle taldea. Alondegia kultur etxeko Moila gelan elkartuko dira, 18:00etan. Jule Goikoetxea filosofo, irakasle eta idazlearen azken eleberriaz arituko dira, eta bertan izango da Goikoetxea bera ere. Hark idatzitako Politeismo bastarta. Lau egun Angela Davisekin errealitatean oinarritutako nobela izango dute hizpide, hain zuzen.
2024ko maiatzean kokatutako istorioa da. Jule Goikoetxea Angela Davisekin elkartzeko prestatzen ari da kategoriako hotel bateko bere gelan. Davis Bartzelonara heldu berri da, bere 80 urteekin, gorputz sendo garaiarekin eta emantzipazio borrokaren aldeko determinazio agerikoarekin. Pentsalari feminista-marxistak lau egun igaroko ditu hirian, Fira Literal ideia eta liburu erradikalen azokan, eta Goikoetxea haren bizkartzain lanetan arituko da, etorkizuneko jainkosak zer behar, bera han.