Beste urte batez, eta aurtengoarekin 37. edizioa beteko da, Zumaiako Argazki Lehiaketa antolatu du Zumaiako Udalak Distira argazki elkartearekin elkarlanean. Lanak aurkezteko epea dagoeneko zabalik dago, eta ekainaren 15ean itxiko dute.
Edozein argazkilarik izango du parte hartzeko aukera. Gaia librea izango dute, baina lanak monokromoak izango dira, eta artxibo digitalen bidez parte hartu ahal izango da. Izen-ematea, irudien bidalketa, eta parte hartzeko ordainketa, www.distira.fotogenius.es edo www.distiraargazkielkartea.com/lang/eu/lehiaketak/lehiaketazumaia webguneen bidez egingo dira, hango programa informatikoaren argibideei jarraituz. Egileko 10 euro ordainduko dituzte.
Parte hartzaileko lau lan aurkeztu ahal izango dira. JPG formatuko argazkiak aurkeztuko dituzte, gehienez 4000 pixeleko luzera izango dute eta 254 ppp-ko gutxieneko bereizmenarekin. Kolore-espazioa sRGB izatea gomendatzen dute eta fitxategiek ezin izango dute 3 Mb baino gehiago izan. Argazkilariek irudiak digitalki aldatu ahal izango dituzte, baina ezingo dute adimen artifiziala erabili ez irudia sortzeko, ezta aldatzeko ere.
Lau sari emango dituzte aurten ere. Irabazleak 500 euro eta lehiaketako argazki-katalogoa eramango ditu; bigarren sarituak 300 euroko saria, 200ekoa hirugarrenak, eta bertakoak 250 eurokoa. Zumaian jaio, Zumaian bizi edo Distira taldekoa den orok jaso ahal izango du azken sari hori. Epaimahaiaren erabakia uztailaren 1ean emango dute jakitera.
Euskal Herriko lehen hiru sailkatuak Argizaiola txapelketaren finalerako sailkatuko dira.