Deba eta Saturraran artean (Gipuzkoa) bistaratzen den flysch beltza ezagutzeko bisita gidatuak erdi prezioan eskainiko ditu hilabetez, datorren zapatuan hasita, Euskal Kostaldeko Geoparkeak.
Flysch Beltzaren Hilabetea kanpaina egingo du Geoparkeak ekainaren 14tik uztailaren 14ra artean, eta tarte horretan Nautilus, flyscharen fosilak zein Flyscha haurrekin bisita gidatuak erreserbatzen dituztenek %50eko deskontua izango dute Geoparkearen webgunean. Aipatutako bi irteera horiek %50eko deskontuarekin egin ahal izateko, webgunean erreserba egiterakoan flysch25 sustapen kodea sartu beharko da.
Hilabetez erdi prezioan egin ahal izango diren bi bisita gidatuak Mutrikutik (Gipuzkoa) abiatuta egiten dituzte, eta bi ordu eta erdiko iraupena dute biek. Geoparkea.eus webgunean datoz bien gaineko xehetasunak.
Flysch beltza Geoparkeko formazio geologiko zaharrena da. Duela ehun milioi urte baino gehiago sortu zen oxigenorik gabeko ozeano sakon baten hondoan eta horrek ematen dio bere kolore ilun bereizgarria", azaldu du Geoparkeak.
Flysch Beltzaren Hilabetea kanpainarekin, Geoparkeak "flyschik ezezagunena adin guztietako bisitariei hurbildu" nahi die: "Helburua da zientzia, Lurraren historia eta natura ondarearen balioa zabaltzea, bereziki familiei eta esperientzia hezitzaile eta jasangarriak bilatzen dituztenei zuzenduta".