"Turismoaren negozioaren aurka" martxan jarritako dinamika aurkeztuko du bihar Kontseilu Sozialistak

Mireia Galarza Bastida

Etxebizitza turistiko bat. (Artxiboa)

Etxape Zentro Sozialistan izango da aurkezpena, 18:30ean. Talde sozialistak azaldu duenez, "gure herriak izugarrizko irabazi iturri dira turismotik negozioa egiten dutenentzat", eta horrek langileen "miseria eta esplotazioa" ezkutatzen ditu, besteak beste. 

"Turismoaren negozioaren aurka", Urola Kostako Kontseilu Sozialistak eta Etxebizitza Sindikatuak dinamika bat jarri dute martxan, eta hori aurkezteko bilera irekiak egingo dute bihar, Etxape Zentro Sozialistan, 18:30ean. 

Talde sozialistak azaldu duenez, "gure herriak izugarrizko irabazi iturri dira turismotik negozioa egiten dutenentzat". "Postaletako hirien atzean", ordea, bertako langileen "miseria eta esplotazioa" ezkutatzen dira, eta gentrifikazioa ere "indartzen" du aipatutako negozioak. Horrek, gainera, prezioen "garestitzea" dakar, eta etxebizitzetarako sarbidea "izugarri" zailtzen du, "askotan herritik alde egin behar izateraino". Bestetik, turismoari lotutako lanetan "prekaritatea nagusi" dela gehitu du Kontseilu Sozialistak, eta politikariek, gainera, turistifikazio prozesu hau "baimendu eta bultzatu" egiten dutela, "enpresari eta jabeen interesei men eginez". Gai horietaz hausnartzeko eta antolatzen hasteko deitu dute bilera. 

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide