Surf jarduerak, behar bereziak dituzten haur eta gazteentzat

Juan Luis Romatet 2025eko ekainaren 12a

Udaleko, Ziskeko eta La Caixa fundazioko ordezkariak, atzoko aurkezpenean. (Juan Luis Romatet)

Surfa guztiontzat: inklusio-uhina hazten ekintza egingo dute uztailaren 19an Itzurun hondartzan, Zumaiako Ziske surf elkartearen Surfestarekin batera, inklusioa sustatzeko asmoz.

Inklusiorako gune bihurtuko da aurten ere Itzurun hondartza. Iaz egin bezala, behar bereziak dituzten haurrei zein gazteei zuzendutako surf ikastaroak emango dituzte Zumaiako hondartzan. Uztailaren 19an egingo dute aurten Surfa guztionatzat: inklusio uhina hazten izeneko ekintza, Ziske Zumaiako surf elkarteak antolatutako Surfestarekin batera. 

Urtero antolatzen du Surfesta herriko surf elkarteak. Ikastaroak izaten dira arratsalde partean, eta jai giroan amaitzen dute eguna, kontzertuekin edo, azken urteetan egin bezala, DJ saioekin. Surfa gizarteratzeko bidean, beste pauso bat eman zuen iaz Ziskek, eta La Caixa fundazioarekin eta Zumaiako Udalarekin elkarlanean, lehendabizikoz behar bereziak dituzten haur zein gazteei zuzendutako surf ikastaroak antolatu zituzten. Begiraleen laguntzarekin eta material berezia erabiliz, haur eta gazte horiek itsasoan sartu eta kirola ezagutzeko eta praktikatzeko aukera izan zuten.

Iazko esperientziak "arrakasta itzela" izan zuen, antolatzailen arabera. Hamasei haur zein gazte aritu ziren pasa den urtean ikastaro horietan. Jarduerak izandako erantzun onaz jabetuta, eta "surf inlusiboaren aldeko apustu sendoarekin" jarraitu asmoz, aurten ere ekintza errepikatzea erabaki dute. 

Ikastaroak arratsaldez

Uztailaren 19an, larunbatez, arratsaldez egingo dituzte ikastaroak. 16:00etan hasita, lehen bi orduak behar bereziak dituzten pertsonei gordeko dizkiete. "Zumaiako eta inguruko haur guztiei zuzenduta egongo da ekintza, eta behar bereziak dituztenei arreta berezia eskainiko diegu", azaldu zuten atzo egindako prentsaurrekoan. Ikastaroak doakoak izango dira, eta 25 urte arteko behar bereziak dituzten pertsonak izango dira onuradunak. Saioetan parte hartu nahi izanez gero, aurrez izena eman beharko da, ziske.itzurun@gmail.com helbidera idatziz.

Behin gazte horiei zuzendutako saioak amaituta, beste ordubetez luzatuko dituzte ikastaroak, 19:00ak arte. Azken ordu hori surfean hasi nahi duen edonori zuzenduta egongo da. Musika saioekin eta bestelako jarduerekin amaituko dute Surfesta.

Integrazioa sustatu

La Caixa fundazioko kideek agerraldian adierazi zutenez, kirolean – surfean, kasu honetan – integrazioa sustatzeko pausoak eman nahi dituzte. Hala, uztaileko Surfestako lankidetza irailean egingo duten Zumaiako Surf Txapelketara luzatuko dutela iragarri zuten. "Ekitaldi hori inklusiboagoa izatea nahi dugu, kirolean aniztasuna eta integrazioa sustatuz", azaldu zuten.

Horrekin batera, behar bereziak dituzten gazteentzako ikastaroak eta jarduerak uda osora zabaltzeko borondatea ere erakutsi zuten. "Begiraleak izango bagenitu, ikastaroak astean bitan-edo egitea nahiko genuke, uztailean, abuztuan eta irailean, udaleku batzuk izango balira bezala", adierazi zuten. Asmo hori gauzatzeko bidea oraindik guztiz egin gabe dutela esan zuten. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide