Zumaiako eta, hein batean, Euskal Herriko musika ekosistemako rara avis-a izan zen Big Boy seikotea. Zirkuko musika eta punka, Ennio Morriconek spaghetti westernetarako konposatutako musika eta Tom Waitsen orroak eta perkusioak uztartzen zituen talde hark. Urte gutxiren bueltan bi disko atera zituzten, taldearen izen bereko Big Boy (2014) eta Zapasalto (2016). Lehen diskoarekin batera taldearen inguruko dokumental faltsu bat ere plazaratu zuten, beraien proposamena estandarretatik kanpo zegoela garbi utziz. Eta horren ondoren, isiltasuna etorri zen. Taldearen ikur zen elefantea hibernatzera joan zen.
Hala ere, Big Boy taldeaz iraganean hitz egitea akatsa izan daiteke, inoiz ez baita desegin. «Inoiz ez dugu utzi, baina pixkanaka jendea galtzen joan gara. Arrazoi naturalengatik utzi dute, aitatasuna dela, lana dela... baina ez haserretu garelako», dio Iñigo Garcia (ahotsa, tronboiak, perkusioa eta teklatuak) taldekideak. «Taldeak deskonposizio naturala izan duela esan daiteke», gaineratu du Juan Luis Blancok (teklatuak) irribarre batekin.
Hirugarren disko baterako materiala ere grabatu zuten, birritan gainera, baina Animaliak izena izango zuen diskoa oraindik amaitu gabe dagoela dio Garciak. «Diskoa nahastea falta da. Badugu hura egunen batean amaitzeko asmoa», dio.
Diskoa ez ateratzeak ez zuen taldekideen musika egiteko gogoa apaldu; harrak hor segitzen zuen taldekideen barrenean, eta pandemiaren bueltan Ubillos jauregian hasi ziren biltzen musika sortzeko helburuarekin. «Orduan hasi ginen jendea galtzen, eta azkenean hirurok jarraitu dugu», azaldu du Garciak. Uhin Loiola (bateria eta ahotsak) da taldeko hirugarren hanka.
Txikia bezain handia
Seikotea hirukotera jaistearekin batera, taldearen izena aldatzea otu zitzaien, handitik txikira, Big Boytik Miniboyra. «Bere momentuan, taldea inork ezagutzen ez zuenean dokumental faltsu bat egin genuen bezala, esango dugu Big Boyren talde tributu bat garela», dio Garciak barrez.
Etengabe aritu dira entseatzen urte hauetan Ubilloseko perkusio gelan, abesti berri bezain laburrak sortzen zituzten, baina garbi zuten helburu bat behar zutela, helmuga bat, mugarri bat. «Aurtengo udan kontzertu bat emateko helburua jarri genuen, eta orduan sortu zen San Telmo ermitan emateko aukera», gogoratu du Blancok. «Haren aurretik beste bat eman nahi genuen, baina ez gara heldu», gaineratu du ohiko irribarrearekin. Izan ere, taldeari inoiz faltako ez zaiona, izan Big Boy edo Miniboy, umorea izango da, umore absurdoa gehienetan, beti ez esateagatik.
Errepertorioa moldatu
Behin kontzerturako hitzordua lotuta, errepertorioa osatzen hasi ziren, jakitun ez dela gauza bera seikote moduan igotzea agertokira (ermitako erretaula aurrera, kasu honetan) edo hirukote gisa. «Hirukote moduan jota, Big Boyren espiritua mantentzen zuten abestiak aukeratu genituen. Gero, Animaliak proiektuko batzuk ere aukeratu ditugu», dio Loiolak.
Bere txikitasunean, handia izaten jarraitzen du taldeak, eta handiaren adinako orroak egiten ditu elefante txikiak. Hala erakutsiko dute datorren ostiralean, hilaren 20an, 20:00etatik aurrera emango duten kontzertuan; Miniboy izenarekin emango duten lehena izango da. Leku berezia aukeratu dute horretarako; San Telmo ermita, hain zuzen. Hamarkada inguru igaro da taldeak azkenekoz zuzeneko bat eman zuenetik; beraz, haien zaleentzako une berezia izango da. Seguru ez dela faltako elefante zuriaren marrazkia duen kamiseta beltzik ermitarako bidean.