Gero eta gutxiago falta da aurtengo traineru denboraldia hasteko. Telmo Deun ontzia KAE1 ligan lehiatuko da, eta datorren asteburuan izango du ligako lehen estropada, Astilleron (Espainia). Saregileak traineruko arraunlariek uztailaren hasierara arte itxaron beharko dute Euskotren ligako lehen paladak emateko. Bilboko uretan egingo dute debuta kategorian.
Telmo Deun arraun elkarteak bihar aurkeztuko ditu arraun denboraldian Zumaiako izena eramango duten hiru traineruak, senior mailako emakume eta gizonena, baina baita beteranoena ere. Neguan eta udaberrian ere Zumaiako ontzietan lehiatu diren arraunlariei ere keinua egingo die klubak. Ekitaldia eguerdiko 12:00etan izango da, Saregile plazan.
Horrez gain, denboraldira begira atera dituzten kamisetak eta jaso berri dituzten banderak ere salgai jarriko dituzte biharko ekitaldian.