Bihar sartuko da indarrean TAOren udako aldia

Juan Luis Romatet 2025ko eka. 14a, 11:00

TAO sistemako makina, Basadi kalean. (Juan Luis Romatet)

Hondartza denboraldiarekin batera izango da indarrean herriko aparkalekuak arautzen dituen sistema. Egunero izango da martxan, irailaren 15era arte.

Datorren asteburuan emango zaio hasiera Zumaian hondartza denboraldiari, eta horrekin batera sartuko da indarrean herriko aparkalekuak arautzeko TAO sistemaren udako aldia. Udaltzaingoak iragarri duenez, hiru hilabetez aplikatuko da araudia, egunero, irailaren 15era arte. Aurreko urteekin alderatuta, aldaketarik izango ez dela ere adierazi du. 

Epealdi honetan, bertakoei gordetako guneetan autoa uzteko ezinbestekoa izango da bertakoen txartela izatea.

Errotazio altuko eta egonaldi ertaineko guneei dagokionez, Txomin Agirre kaiko, Amaiako plazako eta Alai auzoan, Izustarri kaleko guneetan gehienez hiru orduz aparkatu ahal izango dute autoak; Axular ibiltokiko, Lubaki ondoko eta GKN pareko guneetan, berriz, hamar orduz aparkatu ahal izango da. Gune hauek astelehenetik igandera erregulatuta egongo dira, egunero 10:00etatik 20:00etara. 20:00etatik 10:00etara, berriz, doan aparkatu ahal izango da leku horietan.

Osasun zentro aurreko aparkalekua, berriz, astelehenetik ostiralera egongo da erregulatuta, 08:00etatik 17:00etara. Ordu horretatik aurrera doan egongo da, baita larunbat, igande eta jaiegunetan ere.

Azken urteotan bezala, Sarauneko zabalgunean eta Estazioko industriagunean aparkatzea doan izango da. Handik oinez joan daiteke erdigunera edo, Sarauneko kasuan, txalupa bidez zeharkatu ibaia.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide