Aurrera doaz Zumaia nagusiekin, nagusiontzat programako ekitaldiak. Pasa den asteazkenean eskualde mailako Tipi Tapa ibilaldia egin zuten, eta bertan parte hartu zuten ez Zumaiako nagusiek bakarrik, baita Zarauzkoak eta Azpeitikoak ere. Herriko gune eta paraje desberdinak ikusteko aukera izan zuten, berriketa bizian. Adinekoen egoitzetara bisitak ere egin zituzten.
Joko txapelketei ere hasiera emango diete egunotan. Gaur, igela eta toka txapelketa jokatuko dituzte, 17:00etan hasita, Torreberriko aterpean. Datorren astean, berriz, astelehenetik ostegunera bitartean, karta jokoak egingo dituzte. Txapelketa horietako sariak hurrengo ostiralean, hilaren 20an emango dituzte, Hogarrean egingo duten ekitaldian.
Aurretik, datorren igandean, ekainaren 15ean, 90 urte bete edo aurten beteko dituzten herritarrak omenduko dituzte. Saioa Hogarrean egingo dute, eguerdiko 12:15ean, behin parrokian emango duten meza nagusia amaituta.