Hizketan hasi, eta berehala sumatzen zaio Kauldi Odriozolari (Zumaia, Gipuzkoa, 1997) sekulako ilusioa pizten diola Txapeldunen Ligako Lauko Finala jokatzeak.
Halakoak bizitzeko joan zinen Naonedera?
Bai. Bidasoan urte oso politak igaro nituen, baina jauzi egiteko etorri nintzen hona, gauza hauengatik borrokatzeko. Orain, neure burua Txapeldunen Ligako Lauko Finalean eta munduko onenekin ikusita, argi dut merezi izan zuela apustua egitea.
Gaur jokatuko duzue Txapeldunen Ligako finalerdia, Fuechse Berlinen aurka (15:00). Zer moduz zaude?
Gogoz gainezka. Telebistan ikusi izan dut Txapeldunen Ligako Lauko Finala, eta aurten, sailkatu ez bagina, bertatik bertara ikusteko asmoa nuen. Azkenean, erarik onenean bizi izango dut: jokatu egingo dut. Oso pozik nago.
Lehen aldiz ariko zara. Horrek berezi egingo du?
Bai. Bidasoarekin aritu nintzen lehen aldiz Txapeldunen Ligan, eta oso polita izan zen. Naonedekin ere jokatua nuen, duela bi denboraldi, baina final-zortzirenetan kalera joan ginen. Aurten, ordea, Lauko Finalera iritsi gara. Zortea izan dugu: Plocken eta Sporting Lisboaren aurka aritu ginen kanporaketetan. Aldea dago haien aurka jokatu edo Bartzelonaren gisako talde indartsu baten aurka jokatu. Biribil atera da dena, eta, horri esker, ametsa bete dut: Lauko Finala jokatzea.
Espainiako selekzioarekin Olinpiar Jokoetan eta munduko eta Europako txapelketetan aritu zara, baina hau ezberdina da?
Bai. Kluben artean ez dauka parekorik. Ez dago Txapeldunen Liga irabaztea baino ezer handiagorik. Oso harro nago Lauko Finala jokatuko baitut. Egin dudan lan guztiak merezi izan duela sentitzen dut.
Jarraitu irakurtzen, hemen.