Urtero bezala, aurten ere 90 urteko herritarrak omendu dituzte Hogarrean. Guztira 36 zumaiarrek bete edo beteko dituzte urte horiek aurten, baina hainbat arrazoi medio, 22 zumaiar azaldu dira gaurko ekitaldira. 1935an jaiotako herritarrek opari eta lore sorta bana jaso dute udaleko ordezkarien aldetik, eta jarraian hamaiketakoa egiteko parada ere izan dute bertaratu direnek.
Iñaki Ostolaza Zumaiako alkateak azaldu duenez, geroz eta jende gehiago iristen da urte horietara "egoera hobeagoan", eta barrez aipatu du laister ekitaldia "frontoian-edo" egin beharko dutela. Txantxak alde batera utzita, baina, eskertu egin die Zumaiagatik egin dutena, alkatearen hitzetan beraiek baitira "herriaren esperientzia". "Zuek badakizue nolakoa zen gure herria duela 50 edo 60 urte, eta garrantzitsua da bilobei nondik gatozen azaltzea, zer izan nahi dugun erabakitzeko", gehitu du.