Zumaiako hainbat korrikalarik domina zintzilikatu zuten lepoan atzo, igandez, Usurbilen jokatu zuten Uxue Trail mendi lasterketa solidarioan. Jokin Gijarro, Garazi Artola eta Jule Olaizola zumaiarrek hirugarren postu bana lortu zuten kategoria desberdinetako probetan, hain zuzen. Gaixotasun arraro bat duen Uxue usurbildarraren omenez antolatu zuten lasterketa bosgarrenez, eritasuna ikertzeko dirua eta babesa lortzeko helburuz.
Podiumera igotzea erdietsi zuten korrikalari zumaiarrek mendi lasterketaren ibilbide luzea egin zuten, eta Andatza mendia inguratu ostean iritsi ziren helmugara. Jokin Gijarro oikiarrak 1:46:45eko denbora egin zuen, eta Garazi Artolak 2:17:29koa. Jule Olaizolak, aldiz, 1:22:26ko denboran osatu zuen 12 kilometroko lasterketa.
Kronoak.eus webgunean ikus daiteke Uxue Trail mendi lasterketako sailkapen osoa.
