Gipuzkoako Herriarte txapelketan bakarrik ez, beste txapelketa batzuetan ere parte hartzen ari dira Zumaiako puntistak. Horren adibide da ostiral arratsaldean Aitzuri frontoian jokatuko duten norgehiagoka.
Bertan, 19:00etan hasita, bi zumaiar neurtuko dira Euskadiko buruz buruko zesta punta txapelketako finalerdian: Marlon Watkins eta Mikel Silveti, hain zuzen. Biek ere bikotea osatu dute denboraldi honetan, baina oraingoan elkarren aurka arituko dira finalerako txartel baten bila.
Igandean, berriz, 16:00etan hasita, zesta puntako San Pedro txapelketako finalerdiak jokatuko dituzte. Batetik, Bermeo eta Noain neurtuko dira, eta ondoren Mutriku eta Zumaia. Irabazleek txapelketako finala jokatuko dute hurrengo asteburuan.