Jule Egiguren: "Gorenera helduta, egin beharko dut ba beste urte bat?"

Juan Luis Romatet 2025eko ekainaren 21a

Jule Egiguren, Itsas kiroldegiko pantalanean. (Arnaitz Rubio Aprea)

Bizitza erdia darama Jule Egigurenek arraunaren munduan. Zumaiako Telmo Deun arraun elkarteko harrobian hasi, hazi eta hezitako gaztea aurten lehendabizikoz arituko da traineruen lehen mailan, Delteco-Zumaia ontziarekin. Iazko udazkenetik arraun elkarteko zuzendaritzako kidea ere bada. 

Maiatzeko Zumaia Guka aldizkarian argitaratutako elkarrizketa da honakoa.

Hitzartutako orduan atera da Jule Egiguren (Zumaia, 1999) Zumaiako Telmo Deun arraun elkarteak itsas kiroldegian duen lokaleko atetik. Klubeko arropa darama eskuetan, argazkiak ateratzerako janzteko eskatzen baldin badiote ere. Behin argazkiak aterata, bulegora itzuli da Zumaia Gukarekin berriketaldia edukitzeko. Bulegoaren ondoan, gimnasioan, giharrak prestatzeko lanetan dabiltza arraunlari batzuk, eta elkarrizketa amaituta, Egigurenek berak hartu du gimnasioko makinen lekukoa.

Zein izan zen arraunarekin izan zenuen lehen kontaktua? 

Txikitatik ezagutu dudan kirola da arrauna. Aita arraunean aritua zen, entrenatzailea ere izan zen, eta anaia ere ibiltzen zen infantilen mailan. Gero sartu nintzen ni, eta nirekin batera, beste lagun batzuk ere bai. Lagun talde txiki bat animatu ginen pausoa ematera, eta horrela hasi zen dena. Dena den, etxean ez ninduten presionatu arraunean hasteko, nahiz eta arrauna presente zegoen gure etxean. Izan ere, asteburuetan eta, estropadak ikusten genituen. Ni ez naiz inoiz aritu futbolean edo eskubaloian; baloiarekin egiten diren kirolak ez zaizkit inoiz interesatu! Zerbait probatu behar nuela-eta arraunean hasi nintzen; 12 edo 13 urte izango nituen.

Zer da arrauna zuretzako? 

Gauza asko. Ordu asko eskatzen dituen kirola da, eta taldekideekiko errespetu handia ere bai. Sufritzea ere eskatzen du, ordea; gauza asko alde batera lagatzea. Hala ere, eman ere asko egiten du. Azkenean, lagun pila bat egiten dituzu, kristoren taldea osatzen da... Jende asko mugiarazten duen kirola da. Polita da arrauna.  

Bizitza erdia daramazu arraunean. Hasi zinenean, pentsatzen al zenuen 25-26 urterekin arraunean jarraituko zenuela? 

Lagunekin zerbait egiteagatik hasi nintzen arraunean. Gero, urteak aurrera doazen heinean, hazten joaten zara, pentsatzeko era aldatu egiten zaizu eta gauzak serioago hartzen dituzu. Azkenean, hazi egiten zara arraunarekin. Dena den, hasiera hartan ez nuen pentsatzen honaino helduko nintzenik. 

Arrauna ez da denbora-pasa, ez du ondo pasatzera joateko kategoriarik. Gizonetan baino jende gutxiago aritzen da emakumeetan arraunean, eta ondorioz, emakumeetan lehenago egiten da trainerurako saltoa; jubeniletarako traineruan hasten dira emakumeak, bai ala bai, kostatu egiten baita trainerua osatzea. 16 urte dituzu, parrandak-eta hor daude, eta sufritu egiten da hasieran. 

Une horietan arrauna uzteko pentsamendurik ez da faltako... 

Beti pasatzen zaizu hori burutik: "Zertarako jarraitzen dut nik hemen?". Dena den, ni nahi dudalako iritsi naiz honaino. Aurten, gainera, Euskotren Ligara igo gara, eta horrek jarraitzeko bultzada ematen dizu. ETE Ligan urte pila egin ditut, eta behin gorenera helduta, egin beharko dut ba beste urte bat, ezta? 

Urteak egin dituzue bigarren mailan, garaipenetatik urrun. Hori izan al da zailena? 

Bai, dena irabazten ari zarenean eta goiko postuetan zabiltzanean errazagoa egiten da dena. Azkenean, lana egiten duzu, pixkanaka, goian egotea lortzeko. Denboraldi honetan, Euskotren Ligako azkeneko postuetan ibiltzea tokatuko zaigu; ez gara ibiliko banderak irabazten aurreko urtean bezala. Izan ere, Euskotren Ligako traineruek beste maila bat dute. Dena den, gure helburua pixkanaka gorantz egitea izango da.  

Arrauna kirol gogorra dela diote. Hain gogorra al da? 

Gogorra da, bai, ordu asko eskatzen dituelako. Denboraldiak oso luzeak dira. Azaroan hasten gara entrenatzen, [hurrengo urteko] irailean amaitzen dugu denboraldia, eta azaroan berriro lanean hasten gara. Gogorra baino, dedikazio handia eskatzen duen kirola dela esango nuke. Ordu asko pasatu behar dira gimnasioan, eta lan asko egin behar da traineru denboraldira fisikoki puntu egokian iristeko; neguan lan asko egin behar izaten da gimnasioan.

Neguko lan hori egiten al zaizu gogorrena? 

Ergometroan egin beharreko orduak dira niretzat gogorrenak. Orain [elkarrizketa apirilaren 7an egin zen] gehiago joaten gara uretara, eta gimnasioan egun gutxiago igarotzen ditugu. Zailena asteko sei entrenamenduetatik uretara bitan soilik joaten garen bolada izaten da, gainerako lau entrenamenduak gimnasioan egiten baititugu. Hori izaten da gogorrena; izan ere, uretan ezagutzen da arraunaren alderik politena.

"Hasi nintzenean ez nuen pentsatu ere egingo honaino helduko nintzenik"

Sakrifizioak ere egin beharko dira... 

Sakrifizioa hitz potoloegia da, agian, baina, bai; gaztea izanda, parranda asko galdu behar izan ditut, adibidez. Hurrengo egunean estropada neukalako ez naiz joan hainbat bazkaritara, ezin izan dut lagunekin asteburua pasatzera joan... Oporretarako ere, iraila eta urria besterik ez ditugu izaten. Azkenean, lagunek egiten dituzten gauza horiek guztiak galtzen dituzu. 

Arraunlariok ia urte osoa igarotzen duzue elkarrekin. Talde giro ona mantentzea erraza izaten al da? 

Pertsona asko egoten gara denbora luzez batera, eta beti izaten dira liskarrak. Baina taldean giro ona izatea garrantzitsua da, halakorik ez bada oso erreta bukatzen duzulako. Giro ona ez dagoenean, gainera, igarri egiten da uretan. Haserreak tarteko, txalupan tentsioak baldin badaude, ontzia ez da ondo joango. Guk giro ona daukagu; talde polita osatu dugu.  

Giro ona izate horretan entrenatzaileak ere izango du ardura. Kike Manterola izan duzu entrenatzaile urte hauetan guztietan. Zer da Kike zuretzako? 

Lehen urtea izan ezik, gainerako urte guztiak berarekin egin ditut. Uretan eta uretatik kanpo oso desberdina da Kike. Uretan entrenatzaile lanak egin behar izaten ditu, eta asko berotzen da. Entrenatzailea da, baina baita konfiantzazko pertsona ere.  

Talde polita duzuela diozu. Zumaiako arraunlari gutxi dira, ordea, taldean. 

Oraintxe bertan, ni naiz zumaiar arraunlari bakarra. Azken urteetan ikusi dugu arraunak herrian ez duela lehen zuen sona, eta horrek ez du asko lagundu. Adibidez, infantil mailan, mutiletan, ez dago arraunlaririk, eta hori ez da seinale ona. Horrek erakusten du jarraipenik ez dagoela. Lana egin behar da herrira begira ere, eta iruditzen zaigu azken urteetan hori ez dela asko zaindu. Trainerua eduki egin behar da, bai, baina horretarako harrobia landu behar da; izan ere, harrobirik ez baldin baduzu, zaila da jarraipena izatea. Eskola kirolean ari gara arrauna lantzen, eta haurrak gustura etortzen dira. Dena den, ikusiko dugu udazkenean zenbat jende etortzen den klubera. Zumaian konpetentzia handia dago kirolari dagokionez, eta hor tarte bat egiten saiatu behar dugu. Jendea erakarri behar dugu, kirola probatzera bada ere. Agian, gero urtebete soilik egingo du haur horrek arraunean, baina, akaso, aterako da ni bezalakoren bat! 

"Zumaiako trainerua gonbidatua da Euskotren ligan, ez du ahotsik eta botorik"

Denboraldi berrira begira, zer asmo dituzue? 

Traineru jaitsiera batzuetan parte hartu dugu, eta liga berean ariko diren ontzi batzuk atzean utzi ditugu. Hori izango da helburu nagusia, sailkapeneko azken bi postuetatik ihes egitea. Izan ere, sailapeneko azkena zuzenean beheko mailara joango da, eta azken aurrekoak play offa jokatuko du. Ez dut beste igoera fase bat jokatzeko gogorik! Nahikoa jokatu ditugu... Helburu nagusia izango da gutxienez bi ontzi atzean uztea.  

Ez dituzu play offak gogoko izango, baina iazkoa izugarria izan zen. Gogoan al duzu nola bizi izan zenuten maila igoera ahalbidetu zizuen estropada hura? 

Kontxan ez ginen sartu zazpi ehunekogatik, eta play offeko estropada heldu zain geunden. Antsietate pixka bat bagenuen, egia esan. Estropada bukatu eta berehala mailaz igo ginela entzun genuenean, kristoren lasaitasuna sentitu genuen, baina baita poza ere; emozio asko sentitu genituen une hartan. Kofradiara igotzea ere oso polita izan zen. 

Denboraldi berrirako taldea eratu al duzue dagoeneko? 

Bai, nahiko ondo gaude alde horretatik, nahiz eta hasieran justu samar ibili ginen. Batzuetan pentsatzen duzu Euskotren Ligara igota jende pila bat etorriko zaizula taldera, baina badira jende asko arrantzatu duten talde batzuk. Bizpahiru lagun etorri dira kanpotik, eta arrauna utzita zuten beste bizpahiru bueltatu egin dira; horiekin osatu dugu taldea. Beste talde batzuetan lekurik aurkitu ez dutenentzako ere erakargarria da gurekin aritzea.  

Emakumeen kirolak izan du azken urteotan halako susperraldi bat, hartu du indar pixka bat. Zein da arraunaren egoera? 

Ez dut egoera oso onean ikusten arrauna. Zaila egiten da taldeak osatzea. Jendea oso gazterik hasten da, eta kostatu egiten da jende hori kirolera lotzea. Arraunean aritzeko sakrifizio batzuk egin behar dira, eta hori ez da erraza izaten. Gainera, hasi eta berehala banderak irabaztea nahi izaten dute batzuek, dena oso azkar egin nahi izaten dute. Horrek prozesu bat egitea eskatzen du; izan ere, agian tokatuko zaizu lehen urtean aulkian egotea edo estropaden erdiak bakarrik jokatzea. Askok ez dute nahi izaten hori. Beste batzuk talde handietara joaten dira, urte osoan ez dute ezer egiten, eta azkenean, utzi egiten dute arrauna. Euskotren Ligan telebista ere badago tartean, eta normala da jendeak probatu nahi izatea. Niretzat, esaterako, nahikoa izan da Zumaiarekin hor gora heltzea. Ez neukan Euskotren Ligan aritzeko beste talde batera joateko gogorik. Tentazioa, agian, izan nezakeen, baina Zumaian taldea izanda, ez nuen horretarako beharrik.  

Bestalde, aipatu nahi nuke Zumaiak Euskotren Ligan ez duela erabakitzeko eskubiderik. Emakumeak gonbidatuak soilik dira liga horretan. Traineruen Kluben Elkarteko (TKE) bazkide izateko Eusko Label Ligan aritu behar da; Euskotren Ligako klubak ez dira bazkideak, gonbidatuak baizik. Euskotren Ligako klubek kuota bat ordaintzen dute emakumeen estropadetan sariak eman ahal izateko, baina erabakitzeko eskubiderik ez dute horiek. Beraz, guretzako estropadak jartzen dituzte, guk arraun egiten dugu eta etxera joaten gara. Horren aurrean ezer gutxi egin dezakegu.  

Horren aurrean planto egiteko ideiarik-edo izan al duzue? 

Emakumeen aparteko liga bat antolatuko bagenu, ez litzateke telebistarik izango, eta askori ez zaie interesatzen hori. Klub batzuek botere handia dute, eta haiei aurre egiten baldin badiezu, galtzeko asko izan dezakezu. TKEko bilerak egiten dituztenean ezin izaten dugu joan, Zumaiak ez duelako gizonen trainerurik Eusko Label Ligan. Emakumeen ligako erabakiak hartu behar direnean, Euskotren Ligan emakumeen trainerurik ez duten klubek botoa emateko aukera izaten dute; Getariak, esaterako. Zumaiak, ordea, gaur egun, ez du ez hitzik, ez botorik Euskotren Ligan. Bileretan hartutako erabakien berri ematen digute, eta onartzen dituzu horiek edo ez duzu arraunean egingo.  

Iazko denboraldi gorabeheratsuaren ondoren zuzendaritza aldaketa izan zen Zumaiako arraun elkartean. Zuzendaritzako kidea ere bazara. Zer moduz?  

Urte berezia izan zen iazkoa. Gogorra izan zen, batez ere, mutilentzat. Denboraldiaren hasieratik bazekiten ezingo zutela maila igoera lortzeko play offetan aritu, ez zutelako izena eman. Orduan klubean zegoen giroa ere ez zen onena. Aurretik baziren beste arazo batzuk ere –herrian galduta zegoen arraunerako zaletasuna, zaletasuna gero eta txikiagoa zen...–, eta ikusten genuen zerbait egin beharra zegoela. Aldaketarik izan ez balitz, aurten ez zen mutilen trainerurik aterako.  

Mutilen traineruak aspaldiko denboraldirik onena egin zuen iaz... 

Hori izan zen gogorrena. Emakumeen eta gizonen traineruek postu berbera lortu zuten zegozkien ligetan; guk play offerako aukera izan genuen, eta gizonek, ez. Hori gertatu aurretik ere bazegoen zuzendaritzarako hautagaitza berria aurkezteko ideia; izan ere, bagenekien hauteskundeak egingo zirela, eta igoera faseari lotutako aferaren aurretik ere izan ziren mugimendu batzuk. Dena den, jende asko dago laguntzeko prest, baina ez zuzendaritzan sartzeko. Hala ere, play offen kontua gertatu zenean, zerbait egin behar genuela erabaki genuen; izan ere, zuzendaritza aldatu eta gu sartzen ginen, edo mutilen trainerurik ez zen izango aurten. Gainera, emakumeen traineruak aurrera jarraitzea ere kolokan zegoen. Klub batek txalupa bat galtzea gogorra da; galera handia suposatuko luke, mutilek jende asko erakartzen dute eta.  

"Bazkideek ere ikusten zuten arraunaren egoera Zumaian ez zela  lehen izan zena" 

Zuen hautagaitzak zer harrera izan zuen bazkideen artean? 

Egia esan, ona. Bazkideek ikusten zuten, guk bezala, egoera ez zela ona, eta herrian arraunaren egoera ez zela garai batean izan zena. Alde horretatik, ondo hartu gintuzten. Saiatu gara gauzak ahalik eta ondoen egiten, bazkideen laguntzarekin. Denek behar zuten aldaketa.

Erraza al da halako egoera bati buelta ematea? 

Horretan ari gara. Eskola kirolean lanketa egin dugu, eta balorazioa oso positiboa izan da; aurrerapauso bat da hori. Kamiseta batzuk ere atera ditugu, eta harrera oso ona izan dute; jendea ari da horiek erosten. Txorakeria dirudi, baina batel estropadan denda jarri genuen, pintxoak ere eskaini genituen, eta jendeak ikusi zuen zerbaitetan ari garela. Ekonomikoki, berriz, gauzak ahalik eta ondoen egiten ari gara. Ezingo diegu, beste klub batzuek bezala, arraunlariei arropa pila bat eman; fisioterapeutarik ez dugu klubean, eta prestatzailea partekatu egin beharko dugu emakumeok eta gizonek. Beharrezkoa den gutxienekoa ematen diegu arraunlariei, eta horiek badakite egoera zer-nolakoa den.  

Tristea ez al da horrela ibiltzea?

Bai, tristea da, eta zaila ere bai. Izan ere, arraunlari batzuk kanpotik etortzen dira, eta nahi izanda ere, ezin izaten diegu gastuekin nahi adina lagundu. Badakite egoera zein den, eta ulerkorrak ari dira izaten.

Emakumeen traineruaren izena ere aldatu duzue. Saregileak traineruarekin lehiatuko zarete aurten. Zergatik?

Txalupa berria izan da aitzakia. Txalupa ekarri zutenean, zuzenean Telmo Deun izena jarri zioten. Erdi brometan, beste izen bat jarriko geniola esaten genuen geure artean, baina ez ginen zuzendaritzara joan izena aldatzeko eskatzera. Zuzendaritza aldatu zenean, izena aldatzea polita izan zitekeela pentsatu genuen, bazkideei keinua egiteko eta herrira gerturatzeko. Batzuk aldaketaren kontra agertu ziren, tradizioarekin hausten genuela pentsatzen zutelako, baina bazkideei galdetu genien, eta haiek izena aldatzearen aldeko botoa eman zuten. Gero, izen berria hautatzeko 40 bat proposamen jaso genituen.

Aurtengoa denboraldi berezia izango da zuretzako, Euskotren Ligan arituko zarelako. Etorkizunera begira nola ikusten duzu zure burua? 

Ez dakit zer erantzun! Arraunean jarraitzera asko bultzatu nau Euskotren Ligara igo izanak. Dena den, ez dakit hurrengo urtean zer gertatuko den. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide