Gaztea zela hasi zen euskara ikasten Mariano Benito Martin (Hernani, Gipuzkoa, 1959), baina soldadutza tarteko, utzi egin zion ikasteari. Berriki izena eman du euskaltegian.
Noiz hartu zenuen euskara ikasteko erabakia?
Lehenbizikoz 18-19 urte ingururekin hasi nintzen, baina gero geldialdi bat izan nuen. Soldadutzara joan nintzen Kanarietara (Espainia), han bizitzen geratu nintzen; handik Mallorcara (Herrialde Katalanak) jo nuen lanera; eta gero itzuli nintzen Euskal Herrira.
Hernaniarra naiz, eta han zabaldu nuen denda bat. AEKn hasi nintzen orduan. Urte asko daramatzat, eta lotsa ere ematen dit... Ulertu ondo egiten dut, baina gehiago kostatzen zait hitz egitea. Ikusten dut atzerritik datozenek zer azkar ikasten duten, eta ni atzean geratu naizela iruditzen zait.
AEKn ez ezik, Jaurlaritzaren ikastaro intentsibo batean ere izan zara euskara ikasten.
Ikastola bateko jangela batean egin nuen lan, eta aukera sortu zitzaidan ikasturte osoa liberatzeko. Egunean bost orduko ikastaro trinko bat zen, langile publikoentzat. Oso gustura egon nintzen; hamar laguneko taldea ginen.
B2 mailako azterketara aurkezteko prestatu zinen hor.
Bai, baina ez nuen gainditzea lortu, idazmen proba nahikoa ondo egin ez nuelako. Dena den, ez nuen behar lanerako, beste ikaskideek bezala. Erretiroa hartuta nago iaztik, eta nahi dudana da dakidanari behintzat eustea. Horretan nabil, eta horregatik itzuli naiz AEKra. Datorren ostiralean joango dira nire ikaskibe batzuk azterketara, baina ni ez naiz aurkeztuko.
Ez zenuen titulurik edo jakintzarik behar euskara ikasteko, baina pausoa ematea erabaki zenuen. Zerk bultzatuta?
Beharra ikusi dut, hemen bizi garelako. Nire gurasoak kanpotarrak dira, eta ni oso berandu hasi nintzen ikasten, baina nire alaba, emaztea eta amaginarreba euskaldunak dira. Jende gehienak euskaraz hitz egiten du, eta nik ere nahiko nioke nire bultzada eman.
Zer esango zenioke euskaltegian izena eman edo ez zalantzan dabilen bati?
Merezi duela, zalantzarik gabe.