Suaren bueltan elkartuko dira gaur herritarrak

Juan Luis Romatet 2025ko eka. 23a, 10:46

Sanjuaniturrian piztutako sua, iazko argazkian. (Juan Luis Romatet)

San Juan suak piztuko dituzte gaur gauean Zumaiako alde zaharrean, Sanjuaniturrian. Ondoren, Ekhi gaua egingo dute beste behin ere, Gernika partean. 

Urteko une berezienetakoa izango da ilunabarrarekin batera herrian. Ohiturari jarraituaz, sua piztuko dute herriko alde zaharrean San Juan egun bezperan, eta eguraldia lagun bada, ehunka zumaiar elkartuko dira bertan, haur zein heldu, suak sortzen duen lilurak erakarrita. 22:00etan piztuko dute sua Sanjuaniturran. Udal txistulari bandako kideek jarriko dute musika, eta Musika eta Dantza Eskolako euskal dantzetako ikasleak arituko dira suaren bueltan dantzan. Sugarren gainean salto egiteko aukera ere izango dute gazteek.

Ekhi gauak hartuko du lekukoa 23:00etan. Azken urteotan antolatu izan den ekintza Gernika parkean egingo dute, eta bertan parte hartuko dute joaldunek, adar jotzaileek, txalaparta jotzaileek eta Astindu dantza elkarteko kideek. Han ere sua piztuko dute, eta haren bueltan bilduko dira herritarrak. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide